Asteko egun arrunt bat da, kiroldegian nago nire ohiko saiotxoa egiten eta lagun batek Whatsappetik iritsi zaion irudi tamalgarri bat erakutsi dit. «Hau egia izango duk? Orion gertatu omen duk!», aurreneko hitzak. Nik, mesedez, berriro ez erakusteko esan diot. Argazkian, emakume bat ageri da, hilik, seguruenik tiroz.
Etxera iristean, telebista piztu eta berriak ikusten ari naizela, berriro ere zorigaiztoko irudi hura: berriak dio emakume bat hil duela senarrak, tiroz, eta ondoren bere buruaz beste egin duela. Gainera, bi seme-alaben guraso ziren. Orion, egun argiz, arratsaldeko 16:00etan, erdiguneko kale batean. Izugarria, benetan izugarria.
Egunerokotasuneko bizimoduak duen abiadurak zoritxarreko berriak sorturiko haserre eta egonezina zertxobait apalarazi ondoren, honako galdera hauek itaundu zaizkit: zer ordutan iritsi zaio irudia nire lagunari? 16:30ean? Ordu erdi eskasean iritsi bazaio, argazkia bolo-bolo ibiliko da herritarren mugikorretan? Nori bururatu ote zaio argazkia ateratzea? Are gehiago, nori bururatu ote zaio Whatsappetik zabaltzea? Jendeak irudi hori jaso eta birbidali egingo du besterik gabe? Aspaldian esana da besteen minak ez duela inor gaixotzen.
Esango nuke gai horren inguruan zer hausnartua badugula. Edozein berri, irudi, eta abar inolako gogoetarik gabe zabaltzeko joera dagoela dirudi. Askotan, umeak tarteko; askotan baimenik gabe; garrantzitsuena partekatzea da. Pentsatu une batez, ume horiek urte batzuen buruan euren irudiak sarean ikusiz gero zer sentitu dezaketen. Pentsatu une batez, esaterako, nola eragin diezaieken irudi horiek zabaltzeak zoritxarreko berrian protagonista izan diren bikotearen seme-alabei etorkizunean ikusten badituzte.
Gaur egun, mugikorrari egunero orduak eskaintzen dizkiogu. Erraza da, geure gailua atera, argazkia atera, partekatzeko botoiari sakatu eta listo; ez hausnarketarik, ez buruko minik, ez ondoriorik. Zer eskaintzen ote digu horrelako berriak edo bestelako argazkiak zabaltzeak? Agian, zabaldu aurretik gaiari benetan behar dituen denbora eta garrantzia eman beharko genizkioke.