Urriaren azken eguna iragan berria da. Duela ez asko, urtero sare sozialetan urrian idazle emakumeak irakurtzeko proposamena sortu zen #LeoAutorasOct lelopean. Aurrekoa aitzakiatzat hartuta, gogoeta bat egiteko aukera baliatu dut.
Behinola Safo honela mintzatu zen: «Etorkizunean norbait gutaz gogoratuko dela ziurtatzen dizuet». Egun, berretsi genezake profezia bete egin dela: euskaraz bere poesiaguztiak argitaratu izanak (Bale Zuria, 2020), nahikotxo dio. Baina berak nahi lukeen erara oroitzen al dugu?
Lesboseko olerkariak ia maitasunaz soilik hitz egiten zuen. Orain, badirudi poema batentzako gai bikaina izan litezkeela amodio kontuak. Lehen, ordea, bere lepora barre egiten zioten «benetako olerkari» garaikideek. Alabaina, Safo ez zen handinahikeriekin ibiltzen ziren idazle horien biktima bakarra izan. Horra hor Katulo, zeinak, mespretxuez gogaiturik, Carmen XVI olerkia idatzi zuen.
Edonork esango luke denboraren poderioz bihotzeko kontuek prestigio kutsu bat ere badutela jada. Baina, gauzak benetan hainbeste aldatu ote dira? Nik uste dut ezetz. Eta baliteke maitasunak duen madarikazioa ez izatea gauza tenporala, baizik mundu honen kontua: bada, maitasunak mundua mugi dezake, baina gorrotoak edonor eraman dezake arrastaka. Beraz, bai; Safo, oraindik ez zaitugu ahaztu, baina ez dugu lortu zuk ere lortu ezin izan zenuena. Baina badugu sentibera izatearen harrotasuna, eta espero dut horrekin nahikoa izatea.
ZUZENDARIARI
Nola oroituko gaituzte?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu