Irakasle erretiratua

Noaren ipuina

2024ko ekainaren 19a
05:00
Entzun

Lau biloba ditut. Zaharrenak 12 urte ditu. Noa du izena. Oporretan ipuin bat idatzi nahi du eskolan aurkezteko gelako lehiaketatxo batean. Laguntzatxoa eskatu dit, eta eskaini diot. Bere 12 urterekin Noak ipuintxo hau idatzi du:

Denak oso urduri zeuden, astebete barru, gimnastika erritmikoko lehen lehiaketa izango genuen Londresen, andereñoa Londreskoa da eta. Pentsatzen dut nire bizitzako gauzarik inportanteenetakoa dela. 13 urte ditut, Noa dut izena eta ballet egiten dut. Ballet egiten zuen nire amak, Leire du izena. Ama oso guapa da eta 40 urte ditu.  Ballet egiten zuen nire amonak ere, Patrizia du izena, pixka bat xaharrita da, 65 urte ditu gutxi gorabehera. Amonak, amak eta nik (eta nire ahizpa gazteak ere: Natale du izena) ballet egin dugu akademia berean. Egun horretarako den-dena, guzti-guztia prestatu genuen, hobeto esan, arropa, materiala, hegazkineko pasaportea, maleta, jantziak, koaderno bat, boligrafo batzuk eta bi liburu aspertuta nagoenean irakurtzeko. Oso pozik nengoen, ilusio handia nuen. Pentsatzen nuen inportantea nintzela. Urduri nengoen. Lotan nengoela askotan esnatzen nintzen ametsetan. Baina bi problema sortu zaizkit, eta negar asko egin nuen. Asko.

1.- Kaletik nindoala aitona Joxerekin, amona Patriziarekin, amatxo Leirerekin eta Natale nire ahizpa txikiarekin bizikleta batek txoke egin zuen gurekin. Amonak ez zuen minik hartu, Natalek ere ez, ezta amatxok ere. Baina aitona Joxek min handia hartu zuen eta ospitalera eraman zuten. Ni urruti samar nengoen, eta ez nuen minik hartu, baina negar egin nuen aitona anbulantziako ohatilan sartu zutenean.

2.- Beste aldetik, konturatu ginen beste talde bat, gurekin berdinduta zegoena, oso talde ona eta aspaldi biak lehian ari ginenak, agian tranpatxo batzuk egiten ari zirela gure kontra. Gure zapatilak, batzuetan, zimurtuak eta zapalduak eta zikinduak azaltzen ziren. Guk erabiltzen genituen baloiak hustuta. Toallak eta jantzia bustita eta komunetan sartuak. Irrist egiten genuen. Eta konturatzen ginen olioa edo koipea zegoela lurrean. Eta erori egiten ginen. Eta mina hartzen genuen belaunetan, ipurdian, orkatiletan eta esku edo besoetan.

Gure Londresko ilusioa pikutara. Negar asko egin nuen. Triste nengoen eta pixka bat desilusionatua: aitona ospitalean zegoen, min handia zuen belaun batean. Gainera, gure ondoko balleteko beste talde batek guri tranpak egiten jarraitzen zuen egunero. Londresko eguna iritsi zen. Balleteko lehiaketaren arduradunak konturatu ziren, txiripaz hori bai, balleteko beste taldeak tranpa oso handiak egiten zizkigula aspalditik. Kamera batzuen bidez ikusi zituzten balleteko beste taldekoak guri tranpak egiten. Deskalifikatu zituzten eta lehiaketatik kalera bota. Esan zieten kirola, kirola dela beti, beti, eta txintxo portatu behar dela, tranparik egin gabe. Guk gure ballet saioa egin genuen Londresen, oso urduri egon ginen baina uste dut ondo egin genuela. Antzokiko argiak piztu egin zituztenean hor behean eserlekuetan eta laugarren lerroan ikusi egin nituen ama, amona eta ahizpa irribarrez eta txaloka.

Aitona ez zegoen eta triste jarri nintzen. Eta halako batean entzun nuen oihu oso fuerte bat, han urruti, sarrerako atetik. Aitona Joxe zen herrenka eta poliki ibiltzen. «Bravo! Zorionak, talde osoari eta Noari!» oihukatzen ozen. Makulua altxatu zuen. Makulua gora. Iruditu zitzaidan negarrez ari zela, begietan malkoak zituen eta. Baina irribarrez zegoen. Nik ere eskua altxatu nion hunkituta. Eta nik ere irribarrea egin nion.

Aitona Joxe berriki hil da gaixorik, konplikazioak izan ditu. Asko maite nuen. Aitona Joxek hil aurretik esan zidan ballet egiten jarraitzeko bizi osoan, saiatzeko entrenatzen, lagunen lagun ona izateko. Eta ez egiteko inoiz tranparik. Eta balletean gutxiago. Esan zidan ikasteko irabazten eta baita galtzen ere. Beti irribarre egiteko, pozik ala triste egon. Hortik aurrera ballet egiten dudan bakoitzean aitona Joxe dut bihotzean, eta irribarre egiten dut. Irribarre beti. Noa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.