ZUZENDARIARI

'No truth without Ruth'

Sestao
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Berriki utzi gaitu Ruth Bader Ginsburgek, RGBk, 87 urte zituela. Emakume judua, legelari eta abokatua, genero-berdintasunaren eta emakumeen eta gutxiengoen eskubideen aldeko borrokaren aitzindari; AEBetako Gorte Goreneko bederatzi epaileetako bat, 1993az geroztik.

Harvard eta Columbia unibertsitateetan ikasia; bostehun ikasleren artean, bederatzi emakume, RGB tartean. Karrera bukatu, lana kostata topatu, eta bere lankideek baino gutxiago irabaziko zuela esan zioten, «etxean soldatadun gizon bat zuelako».

Abokatu lanetan, Gorte Gorenera eraman zituen emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko hainbat auzi; ezagunetarikoa, 1971n: «Emakume hitza ez da behin ere agertzen AEBetako Konstituzioan», esan magistratuetako batek, «Ezta askatasun hitza ere, epaile jauna», erantzun berak, tinko. «Emakume eta gizonak duintasun bereko pertsonak dira, eta berdinak behar dute biek legearen aurrean», Gortearen aurrean. Magistratuen aurrean zutik, gizarte atzerakoi bati aurre egin zion.

Emakumeen eskubideen atala sortu zuen 1972an Askatasun Zibilen aldekoAEBetako Batasunean. 1980an hasi zuen epaile lana, eta 1993an Gorte Gorenera iritsi zen; bigarren emakumea, auzitegiaren historian.

Ez zizkien inoiz inguruko desberdintasunei begiak itxi. Bere esaldietako bat aldarri bihurtu zuen: Ez nago ados (I dissent).

Gortea zenbat eta atzerakoiago bihurtu, orduan eta aurrerakoiago RBG. Hainbat auzitan utzi zuen bere kutsua: abortatzeko eskubidea, genero-berdintasuna, Obamacare osasun-babesa, berdintasunezko ezkontza, arraza gutxiengoen eskubideaketa arraza-segregazioari buruzko auziak… Donald Trump AEBetako presidentearen politika guztien kai-muturra zen; «Trump gehien beldurtzen duen emakumea» izendatu zuten AEBko zenbait hedabidek.

Pop ikono bat ere bazen RGB, bere estilo pertsonalagatik: farfailazko eskularruak, paparreko parpaila, lepoko disidentea... Emakume-martxen ikonoa, baita gazte-gazteen erreferentea ere, millennial-ikonoa. Bere jarraitzaileek Notorious RBG izena eman zioten, baita Egiarik ez Ruth gabe leloa zabaldu ere (No truth without Ruth).

Hirutan egin zion aurre minbiziari, azkenera arte. RBGren azken desira Trumpek bere ondorengoa ez izendatzea izan zen. Gorteak emandako erabaki aurrerakoi guztiak bertan behera uztea dute helburu atzerakoiek, eta, hala, RBGren lana suntsitu. Ruth Bader Ginsburg joan egin da, bai, baina bere legatua bizirik mantenduko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.