Zuzendariari
Nire hurrengo bizitzan
Nire amak portaleak garbitzen ditu, eta lanaren ondoren neka-neka eginda bueltatzen da etxera. Ni handitu banaiz ere, etxera sartzean oraindik besotan hartzen nau, eta horrela azaltzen dit kontua: «Nire hurrengo bizitzan dena ezberdina izango da, baina oraingoan hau da tokatu zaidana». Horrela izango dela luzez, hori pentsatzen nuen nik. Azkenaldi honetan gainera amak lan gehiago izan du, eskolako jangela-emakumeak greban zeudelako. «Uff», esaten zuen amak, «hor ez dago ezer lortzerik, alferrik ari dira. Hurrengo bizitza batean agian, baina bizitza honetan horrela da, lan asko txanpon gutxi batzuen truke. Zer nahi duzu? Ez gara Aieten jaio eta». Afaldu ondoren, sukaldeari fregona pasatzen ari zela, telebistan agertu ziren gure eskolako jangela-emakumeak, beraiek eta beste emakume pila bat, Gasteizen, azken manifa jendetsuan. Ama geldirik, telebistari so, fregona mendiko makil modura hartuta, han, sukaldearen erdian bi eskuekin makilari eutsiz. Horiek ez ziren gehiagorik «jangela-emakumeak», horiek langile oso-osoak ziren, eta oihukatzen ere bazekiten. Hurrengo egunean berria agertu zen. «Lortu dute!», esan zidan amak. Langileak bezala ordainduak izatea, lan egiten dutela aitortua izatea, nahiz emakumeak izan, nahiz «emakume lana» egin, nahiz jangela-emakumeak izan. Neskame garaia oraingo bizitzan amaitzerik ote duen? Egun hartan, nik panplona txorizo bokata eta amak bi tortilla pintxo bazkalduta, etxe azpiko tabernara jaitsi ginen, gure lagun «jangelako emakume» horiekin egun handia ospatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu