Zuzendariari

Ni hantxe izan nintzen

M. Jose Molina Guerrero.
Oiartzun.
2011ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Madrilen eginiko manifestazioan izan nintzen, abuztuaren 17an. Eta harriturik nago, ikusirik nolako desinformazioa zabaltzen ari diren komunikabideak, nolako arinkeriaz jorratzen ari diren gai horri dagokion guztia.

Martxa Tirso de Molinan zen hastekoa, eta legezkoa zen: bazuen gobernuaren baimena, eta lehendik zehazturiko ibilbide bat. Manifestazioaren burua Puerta del Solera heldu zenean, kontramanifestazio bat zegoen hantxe, Aita Santuaren aldekoek osatua, eta ez zieten aurrera egiten uzten manifestariei; manifestazioak, ordea, baimendutako ibilbidearen arabera, Puerta del Soletik pasatu beharra zeukan, aurrera segitu eta Tirso de Molina plazara itzuli aurretik. Zergatik ez du inork kontatu hori? Poliziek zergatik utzi zieten bidea ixten? Legez kontra erromes deitutakoak ari ziren eta.

Hala ere, manifestaziokoak saiatu ziren aurrera egiten, kantari eta pazientzia handiz, erromesak alde egiten hasi ziren arte. Manifestazio baimenduan ari zirenak, inbutua ikusirik, aldameneko kaleetatik saiatu ziren Solera heltzen.

Ni Solera iritsi nintzenean, anabasa handi samarra zegoen. Gero eta manifestari laiko gehiago heltzen ari ziren plazara; dudarik gabe, jende asko joan zen manifestaziora, gobernuaren ordezkaritzak espero baino askoz gehiago. Polizia hesi batzuk zeuden; ez zegoen batere garbi zertarako ziren, eta uste dut poliziek ere ez zekitela. Ez ziguten uzten aldameneko kaletik pasatzen, eta hesiaz bestaldean manifestari laiko gehiago ikusten genituen, plazan sartu nahi baina ezinean.

Vatikanista talde txiki batzuk Solen eta inguruan zebiltzan, erronka jotzeko tankeran. Ni ez naiz gaztea, eta ez neraman ez pankartarik eta ez kanpoko inolako sinbolorik, baina bi aldiz jarri zitzaizkidan pare-parean, oihuka ulertzen ez nuen hizkuntza batean. Azkenean, Tirso de Molinaraino heldu nintzen; han, musika aparatu batetik Labordetaren musika aditzen zen, eta horrek goxatu egin zigun barrena.

Bitartean, Solen, poliziak hasiak ziren modu onean aterarazten motxila horiak zeramatzatenak; horren ondotik, bortitz oldartu zitzaizkien manifestariei.

Manifestazioa plataforma laiko batzuek eta oinarriko kristauen talde batzuek antolatua zen, eta berriz ere gogorarazi beharko da zein zen protesta egiteko arrazoia: krisia eta gizarte murrizketak dauden garai honetan, Aita Santuaren bisitak ekarritako gastu publikoa.

Egia da jende asko bildu zela eta zaila dela dena kontrolatzea, baina nik manifestazioan ikusi nuen giroa lasaia zen, umore onekoa. Are gehiago: ikusi nuen nola kargu hartu zitzaion bati, lelo ezegoki bat oihukatzen ari zelako.

Zergatik gu kriminalizatzeko behar obsesibo hori? Erromesen kontramanifestazioa, aldiz, oso ondo antolatua eta babestua zegoela ematen zuen, nahiz eta legez kanpoko manifestazio bat zen, gobernuaren baimenik gabea.

Hasieran, esan dut harritu egin nauela nolako desinformazioa zabaldu den istiluak direla eta. Uste dut zuzendu egin behar dudala hori. XXI. mendean, informazio guztia sarean dago. Ez da batere zaila informazioa jasotzea. Beste arrazoiren bategatik manipulatu eta itxuragabetu dituzte komunikabide askok Madrilen abuztuaren 17an izaniko istiluak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak