Zarautz

Nekazaritza indartu beharra, baina...

2024ko otsailaren 3a
05:00
Entzun

Hitza-ko A. Saroberen otsailaren 1eko artikuluaren ildotik, BERRIAn urtarrilaren 27an Frantziako istiluez irakurritakoak sortu dit gaurko hitz-jarioa.

Frantziako nekazarien «presioa apaltzera» etorritako gobernuko ministroak esan die: «Ez naiz hor laborariei errateko nola egin behar duten lan; beren lana egiten utziko diet». (Esan nahi al du, berek nahi dutena egiten utziko diet?). Aurrerago dio testuak: «Biodibertsitatearen Frantziako Erakundearen kontrolak arinduko dituztela ere erran du».

Badirudi behin eta berriz planteatzen dela «ekologismoa versus nekazaritza». Ez naiz ni iritzi horretakoa.

Gizarteak une honetan duen erronkan, uste dut nekazaritzak izugarrizko garrantzia izango duela, izan beharko duela. Denok prestatu beharko genuke (administrazioa, nekazaritza-eskolak, gizartea...), lurralde bakoitzak ahal duen hein handienean beretik jateko; hori badator.

Baina, une berean, nekazariek ez lukete nahi dutena egin behar. Ni ez naiz ekologista, baina gure ingurumenaren kontserbazioaren eta biodibertsitatearen alde nago. Biodibertsitatea mantentzeak (handitzea, hobe) babestuko ditu biak, nekazaritza eta gizartea (pandemia garaian esandakoak ahaztu ditugu jada).

Lurra ez galtzearen alde nago (matarrasa eta mahastien apalak ikusten ditut); lurpeko biodibertsitatearen alde nago (purinen eta pestiziden erabileraz gogoratzen naiz); lur gaineko dibertsitatearen alde nago (pinu eta eukalipto landaketez kezkatzen naiz); ez naiz beganoa, eta maite dut abeltzaintza, baina kanpoko janarien menpekoa ez dut begi onez ikusten.

Nekazaritzako azpisektore bakoitzak ditu bere ezaugarriak, eta banan-banan aztertu beharko dira arazoak, aldatzeko aukerak, epeak eta abar. Arazo konplexu bati ezin zaio erantzun sinple bat eman. «Partaide asko eta askotarikoak bilduko dituen mahai sektorialak eta politika berriak» aldarrikatzen zituen Sarobek.

Ez dut uste gizartea ingurumenaren errespetuzko nekazaritzaren aurka dagoenik, ENBAko presidenteak zioen bezala. Baina gizarteak berak ere aldatu behar du, nekazaritza funtsezko jarduera dela pentsatze aldera, eta bertakotik jateko eskubidea aldarrikatu behar du, eta behar diren pausoak ematea eskatu administrazioari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.