ZUZENDARIARI

Nekatuta eta beldurtuta nago

2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Azkenaldian eskola publikoaren aldeko aldarriak ari naiz irakurtzen egunkarian. Ni ere publikoaren aldekoa naiz, ez dut aseguru pribaturik kontratatu nire erretiroari begira, Osakidetzara zuzentzen naiz zerbait dudanean. Nahiz eta beraiek sarritan behartzen gaituzten pribatura joatera funtzionamendu ezegokiagatik. Udaltzaingora edo Ertzaintzara zuzentzen naiz arazoren bat dudanean.

Eta zer gertatzen da leku horietan guztietan euskaraz artatua izatea nahi dudanean? Txostenak euskaraz nahi ditudanean? Nire fitxan euskaraz artatua izan nahi dudala eskatu dudanean eta irakurri ere egiten ez dutenean? Edota denbora luzez itxaronarazten didatenean funtzionario euskalduna okupatua dagoelako gehienetan? Ente publikoak dira, eta ez didate ziurtatzen, inondik ere, euskaraz artatua izango naizenik. Ba, arrisku bera ikusten duteuskarazko hezkuntza eskola publiko ofizialaren gain bakarrik utzita.

Gu ez gara dirudunak, eta gure gurasoak, gutxiago, baina sekulako esfortzua egin zuten ikastolara seme-alabak bidaliz. Horretan sinetsi zuten, eta horretan borrokatu ziren. Horren eraginez daukagu daukagun eskola publiko ofiziala. Ikastolengatik izan ez balitz, non geundeke?

Diote: Ikastola elitista da, ez da integratzailea…. Gizartea bera dugu elitista eta ez-integratzailea, eta eskoletan ikasle-mota guztiak nahastea positiboa da, dudarik gabe, baina, hori bainozerbait gehiago da egin behar dena. Euskararen ezaguera nagusi ez den eskualdeetan, nola bermatzen da euskaradunen euskal garapena?

Hezkuntza kontseilaritzari baliabide gehiago eskatu behar zaizkio, ez dut dudarik egiten. Ikusi nahian nago hezkuntzako greba orokor luze bat, eskoletako euskarazko politika eraginkor bat eskatuz, baina ziur nago lehenago ikusiko dudala ikastolei laguntza publikoak kentzeko eskaera.

Denon beharra dugu, eta guztion artean konpondu beharko dugu, bainahori ez da konpontzen ikastolak sare publiko ofizialean sartuta bakarrik. Euskaraz hezi eta bizi nahi badugu, oso garrantzizkoa da euskara ziurtatuko duen eta Euskal Herri osoa hartuko duen egitura bat martxan izatea, eta hori badugu, Ikastola, bere akats eta guzti. Horiek ere zuzendu beharrekoak.

Euskaldun asko gaude, baina denok ez dugu era berean bizi egoera makur hau. Exijentzia maila ez da berdina.

Ditugun eta lortu ditugun arnasguneak zaindu behar ditugu, eta ez da erraza izaten ari. Eta alor askotan ari naiz egoera hau bizitzen. Integrazioaz hitz egiten dugu, eta lehengoan entzun nion migratzaile bati bere nahia ez zela integratzea, beren bizitza egitea baino. Eta hori zela gehienek nahi zutena. Euskara beste hizkuntza bat gehiago bezala kontsideratzen dute. Eta eskatzen dute batzarrak eta bilerak «ez euskaraz» izan beharko luketela beraiek parte-hartzaileak izateko. Xurxularien lana ez zaie nahikoa.

Euskaraz bizitzeko hautua egin duen pertsona gisa, beldur naiz. Euskaraz diren ekintza edo erakundeei klasista, arrazista, baztertzaile, segregazionista etiketa jarriz, ez dakit nora goazen. Euskaraz ez dakitenak geroz eta harrotuagoak ikusten ditut, izan bertako betikoak, etorri-zaharrak edo etorri-berriak.

Zerbait ari gara gaizki egiten edo asko daukagu egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.