ZUZENDARIARI
Naziorik gabeko estatua? Ez, eskerrik asko
Naziorik gabeko euskal estatuaren aldarrikapena egiten ari dira azken boladan intelektual progre batzuk (Imanol Galfarsoro, Jule Goikoetxea eta Unai Apaolaza, besteak beste). Euskal identitaterik gabeko independentismoa proposatzen dute, abertzaletasunik gabekoa, aseptikoa, amorfoa, ongizatea helburu bakarra duena. Diotenez, euskara, euskal kultura, euskal sinboloak, euskal nortasuna… ez dira independentismo deskafeinatu horren ardatzak izan behar, euskal herritarren arteko banaketa eragiten dutelako (ez al dugu inoiz entzun argudio bera politikari unionisten ahotik?). Haien mezua argia da: baztertu dezagun gure Nazioa, Euskal Herria, eta baita Nazioa egiten gaituzten elementuak ere (euskara zertarako?, balio unibertsalen aurkako elementu lokalista bertzerik ez bada…). Independentismo mota honek, ezinbestez, Irlandako eredu patetikoa gogora ekartzen dit: bertan Estatua lortu zuten, baina Nazioa galdu. Horregatik, «euskal» etiketarik gabeko Estatua ez da ene Estatua inoiz izanen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu