Ukrainako Errusiaren inbasioa hamaika erreakzio sortzen ari da mundu osoan, hasi gobernuetatik eta herritar arruntetaraino, eta baita gure bizitzako esparru guztietan ere, bai arlo politikoan, baita ekonomikoan ere, arlo informatiboaz ahaztu gabe.
Komunikabideek aditzera ematen digute Vladimir Putinek, Ukrainan nagusi diren eta NATOn sartu nahi duten (Errusiarentzat mehatxutzat jotzen du hori) naziak murrizteko ahaleginean, inbaditu behar izan duela Ukraina. Baliteke maila batean hori egia izatea, bai naziei buruz diotena (Donbassen urteak daramatzaten paramilitarrengatik eta Mendebaldeko estatuak sustatzen ari direlako), baita NATOri buruz diotena ere (Europako ekialdeko estatuak sartu dituela, Sobietar Batasuna desegitean hartutako erabakien aurka), baina ez da egia osoa (azken zortzi urteetan ez dute Donbassko gerra-egoeraren aipamenik egin), ezta beste aukerarik ez dagoenik ere.
Bestalde, NATOko kide diren estatuek diote arriskutsua dela Ukrainaren alde zuzenean esku hartzea, eta armamentua bidaltzea erabaki dute Errusiako miliziei aurre egin ahal izateko. Baina, gainera, armamentua handitzeko neurri ekonomikoak hartzea pentsatzen ari dira. Armamentura diru gehiago bideratu, gatazka horrek elikadura- eta energia-horniduran arazoak sortu eta modu kezkagarrian garestituz herritarrak pobretzen dituenean? Mundua erotzen ari dela dirudi, edo guztiz erotuta dagoela. Gure agintariak behintzat bai.
Historia pixka bat egitea komeniko litzateke, eta, agian, ekintza armatuen aurrean alternatibaren bat aurkituko genuke.
Bigarren Mundu Gerra amaitzean, NBE Nazio Batuen Erakundea sortu zen, etorkizunean nazioarteko bakeari eta segurtasunari eusteko, nazioen arteko adiskidetasun-harremanak sustatzeko, arazo globalak konpontzeko asmoz nazioarteko lankidetza lortzeko eta nazioen ekintzak bateratzeko gune izateko. Nazio Batuen Gutunak, 26. artikuluan, armamentuak arautzeko sistema bat ezarri zuen, «munduko giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak armamentuetara ahalik eta gutxien desbideratzea» ziurtatuko zuena. NBEk hainbat foro ezarri ditu desarmatze gaiak zuzentzeko.
Espiritu hori mundu-gerra baten ondoren sortu zen, baina une oro balio beharko luke, batez ere Ukrainako moduko gatazkak sortzen direnean, baina baita une honetan bertan Saharako, Palestinako, Siriako, Yemengo, Afganistango, Etiopiako, Myanmarreko eta abarretako gatazketan ere. Mundu honek arma gutxiago (gaur egungoekin makina bat aldiz suntsi daiteke planeta) eta elkarrizketa gehiago behar ditu. Eta hori ezin dugu espero egungo politikariengandik, makropotentzia ekonomikoen ildoei jarraitzen baitiete, baita armamentistikoak markatzen dituztenei ere. Herritarrek adierazi eta eskatu beharko dute jarrera aldaketa hori.
NATO soberan daukagu eta NBE bat indartsuago behar dugu inoren beto eskubiderik gabe.
Putin eta Biden, etxean gelditu zaitezte.
ZUZENDARIARI
NATOri ez, NBEri bai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu