Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan, publikoan, ordua nuen kirurgia txiki bat egiteko. Hilabeteak neramatzan egun honen esperoan, eta ospitale batean sartzeak betidanik sorrarazten dizkidan hainbat emozio borborrean nabaritzen nituen. Jakin banekien kontu erraza eta azkarra izango zela, egunero horrelako hainbat egiten direla eta gainera, izenak berak dioen moduan, egin beharrekoa kontu txikia zela. Baina, hala ere, horrek ez ninduen erabat lasaitzen, txikia izanagatik, herri txiki, infernu handi legez, zauriak ere antzeko bilaka daitezkeelako. Zorionez, ahizpen babesa daramat soinean betiko, eta oraingoan ere, horrela izan zen, horrek ematen didan kemenarekin. Zorionekoak beti gu.
Ospitaleko sarrera nagusian paratu dituzten eskulturek bero hartu gintuzten. Arratsaldeko eguzkiaren argi izpiek gustu onez zintzilikatutako apaingarrietan jo eta ortzadarraren koloreak islatzen dituzte sarreran barreiatuz, honela arimak alaituz eta berotuz. Arteak eta hori gauzatzeko erabilitako detaileek sorrarazi dezaketen ahalmen eta boterearen adibide garbia.
Dena den, tamalez, argiak iluntzen doaz eta beroa hozten, kirurgia txikiak egiten diren txokorainoko pasabide hotzak zeharkatu ondoren; indarrak eskutik doaz noski.
Konpainia onean egonagatik ere, luze joan zen itxaronaldia, pasabide narras hartako aulki deserosoetan. Azkenik, kirurgialariak pasabideko ate metaliko hotza ireki eta berak zuzenean deitu ninduen; detaile hau nahiko ezohikoa izanagatik ere, oraindik ezin erreparatuz zetorkidanari. Kirofano arrotz bateko sarrera zirudiena oasi txiki bat bilakatu baitzen.
Euskaraz artatua izateak ekarri zituen berriz ere nire baitara ospitaleko sarrerako ortzadarraren kolore guztiak, haiek nirekin batera kirofano hotzera sartu izan balira bezala, nolabait indarrak nire arimara eramanez.
Ez da erraza hitzez azaltzen sentitutakoa, pairatu ez duenak nekez jakingo du euskaldunontzat gure hizkuntzak suposatzen duena. Hainbestetan zapaldua eta gutxietsia izanda ere, edo horregatik hain zuzen; guri, barruan pizten digu sugarra. Euskarak etxeko goxotasunera eraman ninduen, sorterrira; eta ez dut zalantza izpirik ere horrek prozesu guztia, txikia eta erraza izanagatik ere, samurtu zuela.
Esku-ohean etzanda nengoela esku onetan aurkitzen nintzelako sentimenduak gurutzatu ninduen, eta horrela izan zen. Beldurrak, intseguritateak eta antsietate guztiak desagertu ziren eta horren ordez pribilegiatu bat sentiarazi ninduten; zirujaua zein erizaina, euskaldunak biak. Haien artean eta nirekin izandako elkarrizketak errespetuz eta goxotasunez blaituak. Goraipatzekoa eskainitako tratu ona, interbentzioak iraun zuen bitartean nire duintasuna eta ongizatea une oro kontuan izanez.
Baina ez hori bakarrik, nafarrok horren barneratuak ditugun hizkuntz eskubideak bermatu zizkidaten; eta hori, tamalez, nekez lortzen dugu gure herrian.
Behin etxean, eta nire zauri txikia osatzen den bitartean, konturatzen naiz euskaldunok zelako zauri itzela pairatzen dugun gure hizkuntza eskubideak etengabean urratzen dituen gizarte honetan. Bigarren mailakoak sentiarazten gaituen gizarte honetan. Nekagarria bezain gogaikarria da. Mendeetan zehar zapalduak eta gutxietsiak.
Pribilegiotzat jotzen dudan gertaera honek normala beharko luke. Lotsagarria da ikustea urratsak txikiak direla, eta zoritxarrez etorkizun hurbilean ez dirudi aldaketak emango direnik. Nahiko nuke nire seme-alabek, horrelako egoera batean aurkitzen direnean, haien ama hizkuntza izan dezaten bidelagun, eta horretarako berandu baino lehenago eskubidez dagokiguna bermatu besterik ez dute egin behar.
Eskerrik asko bihotzez artatu ninduten erizainari eta zirujauari euskararen oasia sortzeagatik.