Administrazioan Euskaraz taldeak bere poztasuna adierazi nahi du Nafarroako Museo eta Baluarteren inguruan Nafarroako Parlamentuak hartutako akordioengatik. Parlamentuak Gobernua premiatu du gaztelaniarekin batera euskara erabil dezan Nafarroako Museoaren testu idatzietan, eta kontuan har ditzala neurri, kontraste eta zabalera baldintzak, euskarazko testuaren ikusmena bermatze aldera. Era berean, Nafarroako Parlamentuak Gobernua eta Baluarte Fundazioa premiatu ditu lau ataletan:
-Euskararen presentziari eta garapenari dagokienez, aurrerapausoak eman ditzaten eraikinaren barneko errotulazioan eta inprimakietan, euskara eguneroko tresna izan dadin, eta ez salbuespena.
-Aurrerapausoak eman ditzaten euskararen ahozko erabileran, Biltzar Jauregiko informazio guneetan jendeari arreta zuzena nahiz telefono bidezkoa ematean, bai eta txarteldegietan, bisita gidatuetan eta auditoriumeko megafonia bidezko informazioa ematean ere.
-Aurrerapausoak eman ditzaten Baluarte-Biltzar jauregi eta auditoriumeko programazioetan euskararen kultur adierazpideak sartzeari dagokionez.
-Aurrera egin dezaten Baluarte Fundazioari bilera eta kongresuetarako aretoak erabiltzea eskatu duten entitateei aldibereko itzulpena, testuen itzulpena eta elebitasunerako bestelako erraztasun batzuk eskaintzeari dagokionez, baldin eta halakorik eskatzen badute.
Orain pilota Gobernuaren teilatuan dago. Ea logika demokratikoa nagusitzen den.
Zuzendariari
Nafarroako Museoan eta Baluarten euskaraz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu