Administrazioan Euskaraz Taldea

Nafarroako Kontseilua: alemana bai, euskara ez?

Joseba Otano Villanueva
2024ko ekainaren 16a
05:00
Entzun

Maiatzaren 30ean Nafarroako Kontseiluaren egoitzara joan ginen, haren jardun euskarafobikoa salatzeko. Nafarroako Kontseilua da Nafarroako Foru Komunitateko kontsulta organo gorena.

Kontua da Nafarroako Gobernuak bost urte eman dituela euskara baloratzeko dekretua prestatzen, eta duela gutxi zirriborroa igorri diola Nafarroako Kontseiluari, txosten juridikoa egin dezan. Nafarroako Kontseiluak esan du ez dela legezkoa euskara modu orokorrean baloratzea. Osasunbidean (oro har, soilik Osasunbidean baloratzen dira merezimenduak), merezimendu guztiak baloratzen dira modu orokorrean: doktoretzak puntu bat, nazioartean artikulu bat argitaratzeak 0,75 puntu, alemanez jakiteak 2 puntu eta abar. Beraz, zergatik euskara ezin da modu orokorrean baloratu?

Gainera, txosten edo irizpen horretan bertan, Nafarroako Kontseiluak esan du «funtsezkoak» direla alemana, ingelesa eta frantsesa lan deialdi publikoetan, Europar Batasuneko hizkuntzak diren aldetik.

Nafarroako Kontseiluaren irizpena erabat ideologikoa da, ez juridikoa: ia ez du aipatzen Nafarroako Euskararen Legea, ez du kontuan hartzen Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna, ezta Konstituzioak aipatzen dituen gaitasuna, merezimendua eta hizkuntzen ofizialtasuna ere.

Egoera oso larria da: gobernu honek bost urte daramatza euskara UPNk baino okerrago baloratzen. UPNk baloratzen zuen euskara eremu mistoan, eta gobernu honek ez. Onetsi nahi den dekretua txarra da: alemana Nafarroa guztian baloratuko da, eta euskara, eremu euskaldunean eta mistoan bakarrik. Baina okerrena da dekretu txar hori onesten ez den bitartean jarraituko dutela eremu mistoan euskara baloratu gabe. Etsigarria da.

Bestalde, salaketa hau egitearekin batera, ele bitan jarri dugu Nafarroako Kontseiluaren egoitzako plaka, gaztelania hutsean baitzegoen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.