Administrazioan Euskaraz Taldea

Nafarroako Gobernua: Lumbierko arroila?

2024ko azaroaren 20a
05:00
Entzun

Nafarroako Gobernuak, errepideetako errotuluetan, ez ditu jartzen herrien euskarazko izenak baldin izen horiek legez ofizialak ez badira. Hala, herritar batek kexa bat bidali zion Euskarabideari 2021ean, N-121 errepidea berritzeko lanetan Oricáin, Osacáin eta horrelako zenbait jarri zituztelako, erdarazko grafiaz soilik. Euskarabideak erantzun zion: «Jokabidea arauaren araberakoa delakoan gaude. (...) Oricáin edo Osacáin, adibidez, horrela daude hori dutelako gaur egun izen ofiziala».

Eskatzen dugu Euskaltzaindiak araututako Orikain, Otsakain eta abar jar daitezela, forma horiek legez jaso nahiz ez.

Lapurdiko autobidean, adibidez, batzuetan ele bitan ikusten ditugu herrien izenak: Ziburu eta Ciboure, esaterako. Eta euskarazko formak ez dira legezkoak.

Nafarroan, frankismoan, herri batzuen izenak ele bitan jarri zituzten plaketan: Erri-berri (sic) eta Olite eta Nabaskoize (sic) eta Navascués, adibidez. Eta orduan ere euskarazko formak ez ziren legezkoak (Nabaskozen gauza bitxia gertatzen da: frankismoko plaka ele bitan dago, eta oraingoa, berriz, espainiera hutsean, berriki aldatu ez badute behintzat).

Eta Nafarroako Gobernuaren logika horri jarraituz, Pirinioetako autobian, esaterako, honelakoak ikusten dira: Liedenako tunela eta Yesako tunela. Euskaltzaindiaren arabera, Ledeako tunela eta Esako tunela jarri beharko litzateke.

Zer ote da hurrengoa? Irunberriko arroilarako seinale guztiak espainiera hutsean daude. Nafarroako Gobernuak noizbait euskaraz ere jartzen baditu, Lumbierko arroila jarriko du, bere logikari jarraituz?

Bestalde, gobernua ez da hain legalista beste kasu batzuetan. 2019an Mendigorria bihurtu zen Mendigorriaren izen ofiziala (gaztelaniazko azentu-markarik gabe), baina hainbat karteletan aldatu gabe segitzen du. Azentu-marka kentzeko eskatu zuen herritar batek, eta hondatu arte ez zituela aldatuko erantzun zion Lurralde Kohesiorako Departamentuak. Hau da, 20-30 urte igaro arte.

Azkenik, Euskarari buruzko Foru Legeak ezartzen du Euskaltzaindia dela hizkuntza arauak ezartzeko erakunde aholku-emaile ofiziala. Seguru Euskaltzaindiak ez duela hobesten Oricáin eta Osacáin bakarrik idaztea, eta are gutxiago Liedenako tunela eta Yesako tunela bezalako aldrebeskeriak errotulatzea.

Errespetua eskatzen dugu euskararentzat. Errotuluetan euskarazko formak nahi ditugu beti, zuzen, aldrebeskeriarik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.