Liburuzaina

Nafarroa eta euskara

2024ko maiatzaren 12a
05:00
Entzun

Azkenaldi honetan, Nafarroan euskararekiko joera berri bat sortzen ari da. Duela bi urte, Eusko Ikaskuntzako ikerlariek Aniztasuna eta bizikidetza Nafarroan: euskara eta nazio identitateak liburua aurkeztu zuten. Oraintsu, Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneko arduradunak, gaiari buruzko jardunaldi batzuk egin ondoren, haien emaitzak argitaratzen ari dira.

Alde batetik, esan behar dut horrelako ikerketa sakonak eta kulturalak eskertzekoak direla, normalki jendaurrean esaten ez diren gogoetak izaten direlako, euskarari buruzko biktimismotik haratago, eta egoera erreala deskribatzen dutelako, nahiz eta atsegina ez izan.

Baina beste aldetik, adierazpenok kezka handiak eragiten dizkidate; batez ere ondorioak irakurtzen ditudanean. Egia da Nafarroan euskararen egoera larria dela, eta oraingo bidean jarraituz gero zaila izango dela euskara gaztelaniarekin parekatzea; beraz, etor daitezkeen ahaleginak, ekarpenak eta bide berriak ongi etorriak izango dira. Orain arte erabili ditugun argudioekin eta baliabideekin jarraituz gero, badakigu zer emaitza jasoko ditugun; baikorra izanda, euskarak bizirautea hamarkada batzuk, mende batzuk... beti gutxiagotasunean eta herritarren lan eskergari esker.

Bai ni eta bai beste batzuk ikertzaile horien argudioen aurka agertu izan gara publikoki, oinarrian kolonialismo hutsean erortzen direlako, errealitate gordina hau baita: abertzale espainiarrek zapaltzen eta baztertzen gaituzte.

Hona hemen guk emandako erantzun batzuk: «Eusko Ikaskuntza jardun euskarafoboak zuritzen Nafarroan?», edo «Eusko Ikaskuntza nora zoaz?».

Laburbilduz, nire asmoa ez da gurdiaren gurpiletan makilak jartzea; nik ere nahi nuke Eusko Ikaskuntzak eta Euskaltzaleen Topaguneak hartutako bideak emaitza onak ekartzea euskararen geroari, baina oso kritikoa naiz erakunde horiek hartutako bidearekin. Nire irudiko, eta baita beste batzuen ustez ere, erreakzio epel horiek zapalkuntza gehiago baino ez digute ekarriko. Euskara beste edozein hizkuntza bat bezala tratatu beharko litzateke, administrazio guztietatik hasita, eskubide demokratikoa baita.

Nire ustez, orain arte euskararen hurbiltasuna sentitu ez dutenek ez dute aurrerantzean ere sentituko, baldin eta baliabideak eta legeak ez badira jartzen hizkuntzaren alde. Hor dago koxka, eta ez orain arte abertzaleek edukitako jarreran. Areago esango nuke: eskerrak abertzaleek horrela jardun dugun; bestela, Nafarroan euskara ahaztuta egingo litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.