Idazten zaila da ohar hau. Pertsonaia deskribatzen duen anekdota hizpide hartuz idatzi daiteke tankera honetako ohar bat. Pertsonaiaren alderdi bihozbera, edo dibertigarria, edo bitxia… azpimarra daitezke. «Hau gertatu zen eta halaxe bota zuen berak…». Baina zail da narrazio interesgarria idaztea pertsonaiak bere parte hartzea ukatzen duenean, diskrezioa aukeratzen duenean, eta oharkabean pasatzea nahiago duenean.
Nabarraldek herri honetako kulturaren arlo ezberdinak lantzen ditu, betiere jomuga berdina helburu: historia, hezkuntza, kultura, oroimena… Alor horietan guztietan, ondarea da gure belaunaldiak herentzia gisa jaso duen eta giza talde bezala egituratzen gaituen aberastasuna.
Helburu hori elkarte, lan talde eta norbanako askorekin partekatzen dugu; horregatik horien guztien lana aitortu nahi izaten dugu Nabarralde Sariaren bitartez.
Nabarralde Saria aitorpen sinbolikoa da. Gure jendearen borondateari esker dago bizirik euskal herria, eta borondate horrek ahalbidetu du garai batean izan genuen Estatuaren, Nafarroaren, oroimena bizirik mantendu izana.
Memoria horren izenean Nabarraldek Noaingo Martxan eskuz esku pasatzen den eta herri honen talde lana sinbolizatzen duen makila eskaintzen du. Aurreko ediziotan sinbolo hori Jean Louis Davant edo Benito Lertxundi bezalako izen handiei, ala nafar Erriberako Beterri Elkartea edo Ikastola proiektuari eskaini zaie.
2014 honetan Nabarraldek Juan Zelaiari eskaini nahi dio saria, herri honetako proiektu asko isilean eta eskuzabaltasunez bultzatu dituen pertsona. Zelaiaren anekdotak kontatzerik badago. Baina berak ez ditu handikeriak maite; eta anekdota horiek ez dute irudikatzen herri honen alde egin duen lan eskerga, sarri askotan bigarren plano batean geratu delarik. Gutxik dakite kultura, hedabideak, edo hezkuntza alorreko ekimen ugarik, egunkariak direla edo zailtasunak dituzten ikastolak, literatur sariak, herri ekimenak, edo kirol espedizioak, Oñatiar honen babesa eta laguntza izan dutela oinarri.
Hizkuntzak eta memoriak, euskarak eta nafar Estatuaren historiak, kontzientzia nazionalaren oinarrietako bi esparru hauek, Juan Zelaiaren eskuzabaltasuna ezagutu dute. Baina berak zer, noiz eta nola bezalakoak isilean gorde nahi izaten ditu eta guk ere halaxe eginen dugu.
Nabarraldek abenduaren 3an Oñatin eginen dio omenaldi xume hau Juan Zelaiari, Nafarroaren eta euskararen eguna aintzat hartuz. Momentu aproposa delako eta halaxe egin nahi dugulako. Gure esker ona adierazi nahi diogu horrela herria egin duen pertsonari, une zailetan herriaren alde lan egin eta egiten jarraitzen duenari. Eta gure zorionik beroena Juan Zelaia oñatiar diskretuari.
ZUZENDARIARI
Nabarralde Saria: Juan Zelaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu