Abuztuaren 26an astelehen normal bat balitz bezala esnatu nintzen, ohetik altxa eta, besoak zabal-zabal eginda, nagiak atera nituen. Etxeko korridorera atera bezain pronto, ordea, jakin nuen hura ez zela ohiko astelehen monotono eta etsigarri horietako bat izango, ez. Gurasoak ordenagailuaren aurrean topatu nituen egunkaria irakurtzen eta aitak eman zidan eguneko notizia: «Aizu, Jon, badakizu Oasis itzuli dela?». Boom. Kostatu zitzaidan berria asimilatzea. 15 urteko isilunearen ondoren, taula gainera itzuliko da Oasis, nire britpop talde kutunetarikoa eta bira paregabe batekin inauguratuko du 2025a... Asteak neramatzan horren inguruko zurrumurruak entzuten, nahiz eta tentuz jokatzea erabakia nuen, erraz hypeatzen den pertsona horietako bat naiz eta. Baina oraingo honetan bai, bazegoen hype-a izateko abagunea, ostia, Gallagher anaien harremana ekialde hurbileko politika baino ezegonkorragoa da eta beraien artekoak konpontzeko gai izan badira... nola ez naiz ni ba gai izango kontzertu horietarako pare bat sarrera lortzeko?
Abuztuaren 31n egun berezi bat balitz bezala esnatu nintzen, Eguberriak bailiran. Ohetik altxa eta nagirik ez, 08:00etarako jarri nuen esnagailua (sarreren irteera baino ordubete lehenago), eta 08:05ean banengoen jada Ticketmaster.uk webgunean, saltzaile ofizial nagusiaren orrian, sartuta. Bizitzan gutxitan betetzen diren amets horietako bat betetzeko zorian ote nengoen?
Zoritxarrez, ordu gutxi batzuetan, ametsa zena frustrazio bihurtu zen. Hasteko, lehen zaplaztekoa: milioi bat sarrera pasatxo zeuden salgai eta hamar bat milioi lagun ginen ilaran zain geundenak. Hala ere, zortedunetakoa izan nintzen ni. 105.678 fan neuzkan nire aurretik Edinburgheko kontzerturako tiketen zain eta zazpi orduz, bai ondo irakurri duzue, zazpi ordu luzez ilaran egon ondoren (popatik hartzera larunbata) lortu nuen sarrerak erostera ailegatzea. Hiru mila sarrera-edo zeuden oraindik erosteke eta ilusioa bueltan etorri zitzaidan. Inuzentea ni, orduan heldu baitzitzaidan bigarren belarrondokoa: sarrerarik merkeenak 487 liberatan. Ez da posible, ezin liteke. 500 euro eszenatokitik 200 metrotara dagoen leku baten truk? Gainera, BBCn irakurria nuen sarrerak 75-150 liberatan aterako zituztela, aizu, ingelesa ez da nire ama hizkuntza baina ez dut uste hain gaizki ulertu nuenik artikuluan jartzen zuena. Hor iritsi zitzaidan hirugarren eta azken ipurdikoa. Kontzertuetako sarrerak prezio dinamikoen sistemaren bidez saltzea erabakia zuen rock taldeak. Hau da, algoritmoak prezioak aldatzen ditu eskaintzaren eta eskariaren arabera, hots, zenbat eta eskari handiagoa, orduan eta prezio garestiagoa. Jakin banekien Uber bezalako aplikazioek edo airelineetako enpresa batzuek metodo hori erabiltzen zutela, baina ez nuen uste musikaren munduan hau egiteko gai izango zirenik, batez ere working class-aren erreferente den rock talde batekin... Total, azkenean nik ezin izan nuen sarrerarik erosi, baina beste askok bai, hamar orduren buruan denak agortu baitziren. Sold out, esaten denez. Gaur, birsalmenta webgunetan begira ibili naiz eta prezioek are gorago egin dute, 1.200, 2.500 eta 7.000 eurotara iritsiz.
Zinez uste dut Ticketmaster eta txikitan Monopoly-an gehiegi jolastu ziren enpresariak musikaren hilobia zulatzen ari direla. Ulertzekoa da enpresariek behinola sistemaren aurkako mezuak zabaltzeko zegoen agertoki apurretako bat hilobiratu nahi izatea. Baina kostatzen zait ulertzea hilkutxa egin duten zurginak behinola sistemaren aurkako mezuak zabaltzen zituzten horiek izatea. Aitortu beharra dut sarrera ultra garesti horietako bat erosteko tentazioa izan dudala, baina uste dut ez naizela gai hilkutxa itxiko duen azken iltze hori sartzeko. Azken finean (eta orain dator auto-kritika), Ticketmasterrek jarriko digu azenarioa, bai, baina gu gara amua irensteko bezain motza den asto kuadrilla. Gu geu gara, postureo eta parte hartu nahi izanaren aitzakiapean, musikari azken akordea jotzen diogun ehorzle errukarria.