Zuzendariari

Munilla gotzaina eta Josu Uribetxebarria

Pasai San Pedro.
2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Nork esango zidan niri ados egongo nintzela Munilla gotzainarekin, ideologikoki nire beste muturrean egonda? Ez zaio, ez, arrazoirik falta adierazi duenean Josu Uribetxebarria askatzeko gizatasuna argudio nagusitzat jotzen duten askok ez dutela gizatasun izpirik agertu ETAk eta Uribetxebarriak berak eragindako biktimekin. Horra hor zergatik ez duen Uribetxebarriak izan beharko lukeen elkartasuna sortu gure gizarte plural honetan. Gizatasunak hala agintzen duelako, pertsona orok dauka duintasunez hiltzeko eskubidea; premisa hori hartuz, Munillaren ausardia bera eskatuko nieke egunkari honetako zutabegileei; izan ere, inork ez baitio inolako erreparo moral edo etikorik aurkitu afera honetan. Adibidez, Anjel Lertxundik gogor astindu zuen Basagoiti bere hitz ankerrengatik, ETAko presoen egoera bost axola zitzaiola adierazi zuenean; ez ote du uste ezaxolatasun bera eragiten diotela Ezker Abertzaleko sektore zabal bati ETAren 900 hildakoek? Beste adibide bat: guztiz ados nago Andoni Egañarekin; Uribetxebarriak aspaldi egon behar zuen etxean, gizatasunak zein legeak hala agintzen dutelako. Ezin ote zuen aipamentxo labur bat ere egin zehazteko Uribetxebarriak ez zuela inolako erruki eta gizatasunik azaldu Ortega Lara bahituta eduki zuenean heriotzaren atariraino, ezta hildako hiru guardia zibilekin ere.

Ez ditut gogoko politikan etika eta morala alboratzen dituztenak, ezta haren erabilpen ankerra egiten dutenak ere —alegia, batzuetan bai eta beste batzuetan ez—, euren komenientzia eta interesen arabera. Tristea da hori guztia Munilla bezalako pertsonaiak gogorarazi behar izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.