ZUZENDARIARI

Munduan libre bizi ahal izateko

2023ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Agenda urdin iluna egongelako altzariaren gainean etzanda, azal mardulekoa, egunsentiko argiaz inguraturik. Apurka-apurka, eguzkiaren izpiek gora egin eta egunero sorrarazten duten argi bera da, batzuetan lainopean ezkutaturik lan egiten badu ere, eguzkia beti hortxe munduari begira, egunero. Urdin ilun-iluna ia osorik altzari zuri gaineko kolorea, itsas iluntsu baten erara ekaitzaren aurrean. Urdin iluna, lau zenbaki ezik; lau zenbaki besterik ez, urre antzerako kolorez, sartuak bere bizkarraren behealdean: 2003...

Etzanda eta itxita dago, bere barna etsaien kontra defendatzeko prest, etxean dagoen arren, barruko datak, iragana eta etorkizunaren arteko muina, betiko gordelari. Bat beste baten atzean, hurrengoa, beste baten aurrean, urte osoko egunak ordenan, azal bien artean zain, berriro noiz berpiztuko. Urteko denak: 365 egunek multzoka elkarri begira, niri ere so egiten didaten bitartean, euren isiltasun tristea denboraren poderioz sumindurik, noiznahi berreskuratuko ditugulako esperoan.

Hogei urte ez da gauza handirik, aspaldiko tangoak esaten duenaren arabera behintzat…

Baliteke, edota igarotakoak direnak direla badaiteke ere. Egunean-egunean hogei urte, nor bere bidezkotasunaren bila, euskaradugunok justizia nonahi, noizbait ere lortzeko bidaideak historiaren lerroetan zehar. Eguneko urratsez urrats, horretara goaz, elkarren lekukoa eskutik eskura emanez, elkarri helduta gaurkoa elikatuz, bihar beti gaur bihurtzen den jakitun eta mundu berria lantzeko asmoz, berria bezain sendoa.

Euskara bada euskaldunon aberria, eta bada, 2003ko otsailaren egun hartako zauri iraingarritik diren urteak direla, izango gara Egunkaria, «gehiago, gehiagorekin, gehiagotan» hitzez zein ekintzez gure eskubideak berretsiz. Halaber, bera gu geu betiko, aberria zaintzen aritzeko jaioak baikara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.