ZUZENDARIARI

Mugikortasunaren Astea Donostian: nahiko eskasa

Gorka Hoyos
2020ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Mugikortasunaren Europako Astea hirietan mugikortasun iraunkorra sustatzeko sortu zen, agerian jartzeko hirietan espazioa, denbora eta pribilegioak modu guztiz bidegabean banatu direla autoaren mesederako. Ekimenak indar handia hartu zuen Donostian, hainbesteraino non, aste horretan zehar, udalak urtero jarduera edo exekuzio garrantzitsu bat inauguratu ohi zuen, eskuarki, bizikleta-mugikortasunarekin lotuta. Baina, denbora aurrera joan ahala, ekimenak indarra galdu du hirian. Aurten, zehazki, mugikortasunaren astea inoiz baino sinbolikoagoa izan da eta, hiriak egindako ahaleginari nota jarri beharko bagenio, Donostiak nahiko eskasa lortuko luke konplitzeko. Aurtengo programazio urriak erakusten du udala ez dagoela konprometituta ekimenarekin, ez etakutsatzen ez duten desplazamendu osasungarriak sustatzeko apustuarekin ere.

Route25 bizikleta-martxan parte hartzeko gonbidapena besterik ez zion luzatu udalak Kalapie elkarteari, eta, esan beharra dago, programazioa osatzeko azken orduko jarduera bat izan zela hori. Gogorarazi nahi diogu mugikortasun sailari urteak daramatzagula ibilbide horretarako Europa mailan dauden seinaleztapena eta sustapena eskatzen edo, hain zuzen, Gasteizko Eraztun Berdeak dituenen antzekoa.

Bestetik, Autorik gabeko eguna irailaren 22tik, asteartetik, irailaren 20ra, igandera, aurreratu izanak agerian jartzen du udalari ausardia politikoa falta zaiola autorik gabeko eguna lanegun batean ospatzea proposatzeko. Kalapiek uste du benetako proba bat egin behar dugula, motordun ibilgailuen trafikoa eta trafiko pribatua bai hiriaren erdialdean bai auzoetan eta lantokietarako sarbideetan murriztuta, herritarrak hirian zehar modu osasungarrian ibiltzera behartzeko. Horrek lagunduko liguke ikusten posible dela modu aktiboan edota garraio publikoaren bidez hirian zehar ibiltzea. Baina, antza, udalak ez du proba hori egiteko inolako interesik.

Azkenik, Eneko Goia alkateari eskatzen diogu Mugikortasunaren Astearekin inplikatuta dagoela erakustea, honako ekintza hauetako baten bidez:

- Route25 martxan parte hartuz

- Hedabideetan agertzea udaletxera bizikletan joaten

- Sare sozialen bidez, adibidez, Twitter kontuaren bidez, Mugikortasunaren Asteari keinu bat eginez.

Ikusi nahiko genuke hiriko kargu instituzional garrantzitsuenak Mugikortasunaren Astea sustatzeko interesa erakusten duela.

Kalapie, bere aldetik, Mugikortasunaren Astean Donostiako bidegorrien sarea zehatz-mehatz aztertzen ahalegindu da. Sarea zaharkituta dago, ez dira mantentze-lanak egin, puntu arriskutsu asko ditu eta seinaleztapena falta da. Azterketa egitean bildutako informazioarekin hobekuntza-proposamenak egiten jarraituko dugu eta udalari helaraziko dizkiogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.