ZUZENDARIARI

MTV jaialdia Barakaldon edo Reincidentes

Barakaldo
2021eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Orain dela ez hainbeste gure eskualdean ikuskizun erraldoiak egitearen beharrezkotasunari buruzko zenbait lagunekiko elkarrizketa izan nuen, eta horrek lerro hauek idaztera bultzatu nau. Hasieran, Eurokopa kontua izan genuen hizpide, eta, horrekin batera, ikuskizun hori burutzeke sortutako gastuak. Elkarrizketan, Eurokopak amen batean eman zion lekukoa 2018. urtean BECen (Barakaldo Exihibition Center) ospatu zen MTVren jaialdiari. Herritarrei esan zitzaien ikuskizun horrek balizko ondorio positiboak ekarriko zituela: merkataritzari sostengua eta bultzada emango zizkion, eta kontzertu horiek barakaldarrontzat onuragarriak izango ziren.

Elkarrizketa forma hartzen joan ahala, ia guztiok bat gentozen, hau da, merkataritzak ez zituen horrelako laguntzak jaso inola ere, eta ekimenaren zenbateko guztia ikaragarrizkoa izan zen: 220.000 euro ingurukoa.

Arestian esan bezala, horrek guztiak pentsarazi egin zidan eta, horregatik, nago gure herrian multinazional estatubatuarraren egonaldia gogoratzeko une ona dela. Gizakiak ahaztu egin ohi du eta lantzean behin —guztion mesederako— gelditu, atzerantza begiratu eta amankomuneko gogoeta egin behar da. Garai hartan Barakaldo Udaleko gobernu-taldeak adierazi zuen MTV ikuskizunak herriarentzako onurak ekarriko zituela. Halere, oposizioak (gutxi entzuten zaio) argudiatu egin zuen, besteak beste,langabezia-tasa %16koa eta etxebizitzaren alokairuaren prezioa 700 eurokoa zela eta, horren ondorioz, Barakaldoko jendeari lagunduko zioten beste gauza batzuei lehentasuna eman beharko geniela.

Bada, estatubatuarrak iriste arekin eta bandera jartzearekin batera, joan egin ziren; alta, Barakaldon langabeziak, etxebizitzaren neurrigabeko prezioak eta, tamalez, kaleratzeak ez dira desagertu. Horren guztiaren ondorioz, galdera bat burura etortzen zait: MTVk utzitako balizko onurak eta arrakastak, gutxi batzuen ustez, zergatik ez ote dira baliatzen herritarron mesedetan, egungo krisialdia kontuan hartuta? Gauzek berdin jarraitzen dute, antza. Orain hogei urte, Reincidentes musika talde andaluziarrak, Sevillan ospatu zen Expoaren harira, hori guztia komentatzen zuen El gran engaño del 92 kantan: «nos condenaron a pagar y pagar...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.