ZUZENDARIARI

Morroi ona, baina nagusi txarra

Mikel Zabaleta Aramendia.
Leitzako alkatea
2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Azken asteetan mendiko sute asko izan ditugu gure inguruan, Ezkurran, Areson, Leitzan eta larrienak Goizuetan. Goizuetako bi suteetan, 200 hektarea baino gehiago erre dira. Denak pertsonek eragindako suteak izan dira. Eta sute horiek, gehienetan, larreak berritzeko eta mendia garbitzeko asmoarekin hasten dira. Aspaldiko esaera da sua morroi ona dela baina nagusi txarra. Gure inguruan suaren kultura ez da oraingo kontua. Baina suaren erabilera txarra egiten denean, arazoak larriak izaten dira.

Sua neurriz, baimendutako egunetan eta jasotako baimenaren arabera bakarrik egin daiteke, beti burua eta zentzua erabiliz. Ezin dugu ahaztu suteetan gure inguruaren parte diren mendi, zuhaitz eta animalia askoren habitatak jokoan jartzen direla. Eta sute horien aurka aritzen diren pertsona askoren bizia ere arriskuan jartzen dela. Goraipatzekoa da Leitzako eta Goizuetako suhiltzaile boluntarioen eta suhiltzaile profesionalen lana.

Mendietan gero eta abere gutxiago dabil, eta larreak gero eta zikinagoak daude. Horri lurra lehor egotea gehitzen badiogu, ondorio latzak izan ditzakeen sutea sortzeko ekuazioa dugu. Eta egoerak ez du hobera egingo datozen urteetan. Klima aldaketak suteak sortzeko lehorte gehiago eta bortitzagoak ekarriko baititu, eta larreak ere zikintzen jarraituko dira, abeltzaintza tradizional eta estentsiboak pairatzen duen egoera larriari irtenbidea ez badiogu ematen, betiere.

Lanean gabiltza abeltzainen eta baserritarren bizimoduari ahal dugun neurrian laguntzeko. Baina egiten den guztia sekula ez da nahikoa izango.

Beharrezkoa da suaren inguruan kontzientzia hartzea. Erreketek arrisku handia dute, eta gero eta handiagoa izango dute. Beti kontrolpean egin behar dira, dagozkien baimena eskuratuta, garaiak errespetatuz eta debekuak ere errespetatuz. Erreketak baimenik gabe egiten direnean, eta horiek sutea eragiten badute, presente eduki behar da egilearentzat isunak eta kartzela zigorrak ere izan daitezkeela.

Asko dugu jokoan: gure ingurua, mendiak, basoak, zuhaitzak eta bertan bizi diren animaliak, eta baita suteak itzaltzen aritzen diren pertsonen biziak ere. Paisaia eta inguru paregabea dugu, baina ingurune hau erregai bikaina ere bada. Mendiko suteen aurkako ardura botere publikoek eta gizarte zibilak partekatzen dugun zama da. Joka dezagun arduraz.

Bukatzeko, gure herrietako suhiltzaile boluntarioei nire esker mugagabea adierazi nahi diet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.