ZUZENDARIARI

Miren Gorrotxategi bere burbuilan

2022ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Egun on, Euskadi saioan elkarrizketatu zuen Iban Garatek Miren Gorrotxategi. Galderak onak, erantzunetan poto. Gorrotxategik adierazi zuenez, eremu erdaldunduetako (Gasteiz, Bilbo, Iruñea...) ume euskaldunak «euskararen hegemonia absolutu batean» bizi omen dira, «burbuila %100 euskaldun batean sartuta». Lotsagorritu gabe bota zuen, guraso batzuek «modu egoista batean, haurrak burbuila batean nahi dituzte, (euskarazko) trebeziarik gal ez dezaten», haur erdaldunei «haien gabeziak estaltzen» lagundu beharrean. Ez zen hor amaitu errezitala. Gorrotxategiren esanetan, haur euskaldunen balizko «burbuila apurtzean, beste gauza batzuk sartzen hasten dira... Pluraltasunaren aberasgarritasuna onartu edo ez onartzean» omen datza guraso «egoista» horien kezka.

Edo bera bizi da burbuila batean, edo gezurra dario emakume horri. Biak ala biak politikari eskasaren ezaugarri. Demagun ez dela gaizto ari, ezjakintasunez baino. Bere burbuilatik irtengo balitz, Gorrotxategik ikusiko luke Hego Euskal Herriko herri eta auzo erdaldunduetan ezinezkoa dela «burbuila euskaldun» batean bizitzea; bai, ostera, itsaso zeharo gazteleradun batean. Batetik auzoko eta herriko biztanle txiki nahiz handi gehientsuenak erdaldunak direlako, eta, bestetik, etxean bertan ere ez dagoelako «burbuilarik» osatzerik, era guztietako dozenaka gaztelerazko pantailez inguraturik bizi garelako. Apenas daukagu heldulekurik euskaraz elikatu ahal izateko, gaztelerazko eskaintza askotariko eta erraldoiaren azpian. Nola arraio osatuko dugu, ba, burbuilarik?

Pluraltasunak ez digu beldurrik ematen, baina uniformizazioak eta akulturazioak bai.

Euskaldunak gara, eta Euskal Herrian (ez Santanderren edo Bordelen) geuk nahiz gure haurrek euskaraz bizitzeko eskubideari heldu nahi diogu, hori da dena, Gorrotxategi andrea.

Gure haurrek oso azkar ikasi zuten gazteleraz «euskal» murgiltzeko D ereduan bertan. Baina arazoa ez da hori, arazoa da eskola askotan gazteleraren erabilera hedatzen eta orokortzen ari dela D ereduan ere, eta gure haurrek euskaraz egiteko ohitura eta aukerak galtzeko arrisku handia pairatzen dutela, are gehiago etxetik euskaldun direnak sakabanatzen badituzte, euskaraz jardun ahal izatea ukatuz eta euren ama-hizkuntzarekiko uste etsigarriak eraginez.

Horregatik eskatzen dugu ez ditzatela sakabanatu, euren artean euskaraz egiteko aukera izan dezaten, eta, bide batez, haur erdaldunen «gabeziak estaltzen» laguntzeko ere bai, normaltasunez eta patxadaz euskaraz jardungo duten haur multzorik gabe ezinezkoa baita haur erdaldunak euskaraz naturaltasunez mintzatzen hastea (hauen ikasprozesu orokorraren hobe beharrez).

Arnas Dezagun-en proposamenak bermatzen du pluraltasuna; Miren Gorrotxategirenak, aldiz, akulturazioa, menpekotasuna, asimilazioa eta uniformizazioa, hara! Izan ere, ez da pluraltasuna kezkatzen duena, gazteleraren erabateko hegemonia baizik. Argi geratu da kazetariak hezkuntza ereduaz galdetu dionean: «Nahi dugu gaztelerak presentzia gehiago izan dezan», erantzun du. Hots, ez dute gazteleradunak ez diren beste haur erdaldunen hizkuntza gaitasunak, eta are gutxiago horien ama hizkuntzek kezkatzen. Hor konpon afrikarrak, europarrak, Asiatik etorritakoak... Soilik gazteleraren hegemonia eta nagusitasuna ditu kezka.

Gorrotxategi-eta espainolez bizi bitez lasai, inork ez die aukera hori ukatzen; dena dute alde inperioak prestatu dien burbuila erraldoi elebakarrean. Baina errespeta ditzatela Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugun familien eskubiderik oinarrizkoenak behintzat. Eta utzi gezurrak zabaltzeari behingoz. Zintzotasun apur bat sikiera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.