Iruñeko Udalaren 2024ko ekainaren 18ko Lehendakaritza Batzordean, Nafarroako Torturatuen Sareko bi kidek talde politiko guztien babesa eskatu dute aurkeztu duten adierazpenean, baita Nafarroako beste zortzi udalerritan ere.
Ileak laztu egiten ditu pertsona horiek zer pasatu duten entzuteak, baita esparru instituzionalera egokitu behar dutelako esaten ez dutena irudikatzeak ere: «Torturaren gaiaz hitz egiten dugun bakoitzean min handia ematen digu eta kosta egiten zaigu. (...) Pasatu genuena berpizten digu, kuartel eta komisarietako egun amaigabe haiek...» hitz etenez, «non biluztu, eskukatu, bortxatu, eta fisikoki eta mentalki txikitu gintuzten. (...) Zergatik erabili zen tortura zigorgabetasun osoz hainbeste denboran eta hainbeste pertsonari?». Sareko beste kide batek honela jarraitu du: «Une horretan, inork ez zuen zalantzarik izan zein arrazoik bultzatzen duen norbait egin ez duen hilketa bat bere buruari leporatzera, tortura besterik ez dena. (...) Bizirik atera diren asko ez dira gai hitz egiteko, NBEko Torturaren aurkako Batzordeak gogoratzen duen bezala, torturaren ondorioak iraunkorrak direlako: Biktimak, jasandako kalteen ondorioz, agian ezingo du aurreko egoera guztiz berreskuratu, duintasuna, osasuna edo/eta autonomia barne».
Lazgarria... oso lazgarria eta izugarri bidegabea. Oso garrantzitsua da ahots horiek guztiak entzunak izatea, aitortuak eta, ahal den neurrian, erakunde publikoek eta, oro har, gizarteak erreparazioa eskaintzea. Ezinbestekoa da horrelakorik berriro ez gertatzea. Funtsezkoa.
Bestalde, uste dut udal-gobernuaren ordezkari batek aipatutako «hiri honetan bizi diren pertsona guztientzat bidezkoa eta duina den elkarbizitza-eredu berri» horretan giza eskubideen urraketa larrien biktima guztiek jasandako minarekiko enpatia eta begirunea ezin direla inola ere salbuetsita egon, zoritxarrez, kasu askotan kaltea oso sakona izan baita eta izaten jarraitzen baitu. Zaila da imajinatzea zer pasa daitekeen aita erail zioten baten burutik eta gorputzetik, aurkeztutako adierazpena bere alderdia sinatzeko prest dagoela iragartzean (betiere «ETAren jarduera kriminalak suposatutako tortura» aipatzen duen paragrafo bat gehitzen bada) eta zorigaiztoko erantzun gisa «gaur ez da tokatzen» jasotzean.
Mina, datorren lekutik datorrela, hartzen ikasi behar dugu, hartu eta aitortu, kontu handiz eta arretaz. Elkarbizitza-eredu berri horrek gizatasuna lehenetsi behar du, eta interes alderdikoia bigarren (edo hirugarren) lekuan utzi. Injustizia geure haragitan identifikatzeko gai garen bezala, onartu beharra daukagu injustizia eta mina ez direla inoren ondare, oso alderantziz, unibertsalak direla. Helburua edozein dela ere, horiek areagotzeak usteldu egiten gaitu eta gizatasuna galarazten digu, baita nolabait txikiagotzeak, ukatzeak edo justifikatzeak ere.
Zauriak sendatzen saiatzeak bere arriskua dauka. Prozesuak luzeak izaten dira eta faktore asko egon ohi dira jokoan. Begien bistatik galdu behar ez den zerbait dago tartean: gizarteak zor bat dauka biktimekin, eta zorra kitatzen has gaitezke aukera sortzen den bakoitzean entzute konprometitu baten bidez eta konpresioa eta elkartasuna erakutsiz. Mila esker.