Zuzendariari
Milesker, Basaizea
Aurten Nafarroaren Egunak eta Aberri Egunak lekutxo berdina betetzen zuten egutegian. Hala, asko pentsatu ostean, proposamen ausarta luzatu zioten Euskal Herriari Baigorriko Basaizea Kultur Batasuneko gazteek: «Zergatik ez ospakizun bakarra egin, modu bateratuan, euskaldunen herria bizi dela denok Baigorrin elkarrekin zelebratuz?». Basaizeakoak nafarregiak (ergo, burugogorregiak) zirela esan zuten batzuek. Ameskeria eroa zela pentsatu zuten beste batzuek. Guri, ordea, ideia aparta iruditu zitzaigun, ero ameslariak maite ditugulako. Geroztik, Basaizeakoek animaleko lana egin dute ekimena aurrera ateratzeko. Euskaldunek ados jartzeko daukagun ezintasun fisiologikoarengatik, ezin izan dituzte denak komentzitu, baina, hala ere, igandean Baigorrin Herri bat agertu zen, eta hori, hein handienean, haien lanari zor diogu. Horregatik, publikoki eskertu gura dugu Basaizea. Bertako kideek izugarrizko lezioa eman baitiete Nazio Mailako politikari eta jaunttoei. Igandekoa bezain jai handi eta inportanta beren bizkarrean hartzeko gauza izan dira eskualde txiki bateko lagunak, zailtasunak agertzen ziren lekuetan adorea eta lanarekin erantzunez. Guretzat, lezioa argia da, beraz: eskuz esku lan eginez eta politikarien zain egon gabe, dena da posible, herriak auzolanean eta ausardiaz jokatzen badu. Aberri Egunera, Gernika eta Baigorrira deitu du Independentistak sareak aurten. Gernika iraganaren sinboloa da euskaldunontzat. Alderdi guztien gainetik, hodei guztien azpitik, izan dadila Baigorri etorkizunekoa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu