Badira 16 urte euskararen munduan sartu nintzela; azken bederatziak irakasle, AEKn. Gogoan dut hasiera, hasierako nahaste-borrasteak, aho korapiloak, lehen parrandak… Bizitza oso bat. AEKn euskaraz berba egiten irakatsi zidaten, euskara maitatzen. Mila esker, Amaia O., Fernan, Ikerne, Monika… Mila esker, irakasle guztiei, ikusarazi baitzidaten gure hizkuntza izaki biziduna dela, herria bera dela, eta, biziduna den heinean, erabili behar dugula bizirik irauteko.
Garai hartan, AEKren garai politenak eta gogorrenak, jazarpena, adibidez, bizi izan genituen. AEK-k aurre egin zien garai latz haiei, eta tinko segitzen du normalizazioaren alde lanean.
Ikasle garaiak amaitu, EGA titulua atera, eta irakasle sartu nintzen. Nire bizitzaren etaparik aberasgarriena. Izan ere, oso pertsona bereziak ezagutu ditut: Amaia U., Iker, Brenda, Ainhoa, Alfre, Esti, Arrate, Iban, Ander, eta falta diren guztiak, gehi ikasle eta berbalagunak.
Ezin dugu ahaztu egun ere erasoak jasaten ari dela euskara, hala nola Nafarroako diru-laguntzarik eza. Baina, horiei ere aurre egingo diegu, herri borrokalaria garelako.
Ezkerraldea lan handia egiten ari da normalizaziorako bidean, eta emaitzak jasotzen ari da: esaterako, berbalagun egitasmoak daude herri guztietan, eta, ondorioz, euskara gehiago entzuten da; zenbait udalen hizkuntza politikan hobekuntzak egon dira. Dena dela, instituzioek oraindik asko hobetu behar dute euskaraz bizi gaitezen. Egia da, subjuntiboa ere AEKn irakatsi zidaten.
Zuzendariari
Mila esker
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu