ZUZENDARIARI

Mila esker Maixabeli eta Iboni

Iruñea.
2014ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Imajinatzen saiatzen naiz gizaki batek nolako bidea zeharkatu ote duen lagun maitea era latzean idoki eta 14 urteren buruan lagun hura hil zuen pertsonarekin batera omenaldia partekatzera iritsi ahal izateko? Kosta egiten zait jarraitu behar izan duen bidea irudikatzea...

Imajinatzen saiatzen naiz, kostata bada ere. Nola lortu ote du hain min handia zeharkatzea? Nola lortu du gorrotoa eta mendekuaren atzaparretatik ihes egitea? Nola integratu ote du min hori, barkamena bihurtuz?

Aldi berean, imajinatzen saiatzen naiz gizaki batek nolako bizipena zeharkatu ote duen, helburuak lortzeko biolentziaren erabilpena zilegitzat hartzen duen talde batean parte hartzetik, 14 urteren buruan nork berak hildako pertsonaren omenaldian parte hartzera iritsi arte? Kostatu egiten zait jarraitu behar izan duen bidea irudikatzea ...

Nondik sortu ote zaio indarra bere taldearen jokabidearen zilegitasuna kolokan jarri ahal izateko? Nondik atera ote du adorea bere jokabide propioak zalantzan jartzeko? Eta garrantzitsuena: nondik sortu ote zaio kemena bere buruari aurre egin ahal izateko? Bere kultura propioa askatasunean bizitzeko ezindua aurkitzen den testuinguruan... Nola lortu ote du, bere min propiotik haratago joatea, besteei sortutako kalteei erreparatuz?

Hisia eta erreminaren lekutik, erraza suerta daiteke halako egoerak epaitzea: «Ziurrenik alargunari terroristek burua jana diote», «Ziurrenik taldekideak boterearen atzaparren aurrean amore eman du»... Alabaina, ene ustez, zuen elkarketak, Maixabel eta Ibon, aparteko giza indarra barreiatzen du. Mila esker zuen adoreagatik eta burututako ibilbideagatik. Mila esker ere zuen testigantzagatik eta elkarbizitzarako beste ate bat ireki izanagatik.

Bide batez, eskertu nahi nituzke Glencree eta Lokarri bezalako ekimenak. Eskerrik asko ere euskal gizartean elkarbizitza eta elkar-ulertzea egunero posibleago egiten duten pertsona eta talde orori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.