Cervera (Lleida)

Mila esker, Benito

Imanol Marañón Loidi
2024ko abenduaren 1a
05:00
Entzun

Urrundik heldu naiz eskutitz hau idaztera. Ez naiz kontziente noiz edo nola entzun nituen zure lehen kantak. Ziur aitaren R-12an izango zirela, edota etxeko tokadiskoan. Aitak zure disko guztiak ditu, baita 45ekoak ere. Beti pentsatu izan dut zure disko guztien errekopilazio handiena gure etxean zela. Eta gure etxean musika jartzen bazen, Benito Lertxundiren kantak ziren beti musika aparailutik irteten zirenak.

Nire haurtzaroa eta nerabezaroa, nire herriko neskatxa maitez, formez, urrundik heldutakoez edota Bizkaia maitez beterik izan ziren. Nire gaztaroan olerkiei eginiko hurbiltzea Orioko bardoaren ahotsari jarraikiz egin nuen. Atharratzeko gaztelutik Orbaizetako arma olara ziztu biziko bidaia batean murgildurik bizi nintzen. Eta bidaia haietan, Zuberoatik Bizkairako tarte haietan ahots batek besarkatzen ninduen.

Gaur jakin izan dugu Benito Lertxundik eszenatokiak utzi dituela. Dagoeneko merezitako erretiroa hartu duela, behintzat zuzeneko agerraldiei dagokienez. Eta notizia irakurri bezain laster, Orion izan nintzen azken kontzertuaz oroitu naiz. Urte pare bat izango dira, abendua zen; Kataluniatik gurasoei bisita egitera etorri nintzen eta Benitok zuzenekoa zuen Orion. Hara joan ginen. Hotz ikaragarria pasa genuen ateak zabaldu zituzten arte. Gaur, hotz hura gorputzean sartu zait notizia irakurri bezain laster. Baina handik gutxira, amonaren etxe pizgarriko sukaldeko suak bezala, Benitoren ahotsak berotu nau, kontzertu hartan bezalaxe.

Mila esker, Benito, gure/nire historiaren parte izateagatik. Mila esker nire bizitzari musika jartzeagatik eta Euskal Herriko musika eta euskarazko musika handi egiteagatik. Betirako gure bihotzetan izango zara. Disfruta ezazu erretiroaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.