ZUZENDARIARI

Mikel Zabalza gogoan: 'jzioqui dugu' eta 'guec ajutu ez dugu'

2023ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Donemiliaga Kukulako monasterioaren atarikoan, harrian betiko zizelkaturik, irakur daitezke euskarazko glosa zaharrenak: jzioqui dugu eta guec ajutu ez dugu. Adituei kasu egitera, lehenaren esanahaia hauxe dateke:jzioqui dugu, (lat.) (inveniri) meriumur; alegia, (aurkitzea) merezi genuen. Mikel, non dago? oihua horma mutuetan eta gazteon eztarrietan lehertu zen 80ko hamarkadaren garai urrun hartan. Donemiliaga Kukulan, Euskaltzaindiaren ekimenez jarritako harrizko hitzek berresten didate baietz, merezi genuela Mikel non zuten jakitea. Izan ere, atxilotu eta handik hogei egunera agerrarazi zuten, garai horretako Barne ministro Jose Barrionuevok berak iragarri bezala Espainiako Kongresuan.

Bigarren glosak hauxe omen diosku: geuc ajutu ez dugu (lat)(non convienet a nobis) ez dugu egokitzat hartu, alegia. Bigarren glosak dakarkit gogora Mikel Zabalza gazteari eragindako torturekin eta heriotzarekin estuki lotutako Arturo Espejo guardia zibila orain teniente jenerala dela. Espejori saria eman izanak bihotza uzkurtu eta barruak astindu dizkit; gorrotoa baino gehiago nazka eragin dit Espejo teniente jeneral izendatzeak, higuina. Izan ere, bertsio ofiziala, gezurrezko kontakizun sinestezin hura, Espejori berari egozten zaio. Bistan da, bertsio ofiziala sinesten duenik ez dago: Guardia Zibilaren kapitain eta CESIDeko kide Gomez Nietok berak Perote nagusiari esandakoa hor dago, grabazioetan betiko jasoa.

Nik ez nuen ezagutu Mikel Zabalza aetza. Gure ama ere aetza izanik, jakin izan nuen Garraldako plazan, festetan, erakustaldi batean ibili zela aizkoran. Kontu jakina da, torturatzaileak bere nortasuna ezkutatzeko erabili ohi duen buru-estalkiak agerian uzten du begi-parea, arimaren ispilua. Mikel Zabalza gazte sendo horrek, Intxaurrondoko infernuan bortizki torturatuak, zer ikusiko zuen Espejo kapitainaren begien ispiluan? Txerren ikusiko zuen segurki, Deabrua bera.

Donemiliaga Kukulako monasterioan ikasi omen zuen Gonzalo de Berceok, gaztelaniaz gorde diren lehen poemak idatzi zituenak, Deabruari ematen zion izena hauxe duzu: Don Bildur. Espainiako demokrazia ustel aizunaren ispilu, Don Bildur, Guardia Zibilaren Arturo Espejo teniente jenerala; geuc ajutu ez dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.