ZUZENDARIARI

Miarritzeko G7 gailurra: datorren matxinada?

Aman Komunak sareko kidea.
2018ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Bellevue plazan den Oteizaren eskultura tindaturik, Macron Miarritzera etortzekoa, eta azkenean ez, auzapezak hitzeman «dispositibo arinduak» egiazko setio poliziala irudi, istiluak, atxiloketak, zaurituak. Zortzi hilabete gelditzen dira oraindik, eta, jada, G7 gailurraren antolaketa bazterrak ozpintzen hasia da. Nahiz lekuko hautetsi batzuk gailur horrekin loriatuak egon, gero eta gehiago izanen gara hitzordu horren kontra altxatuko garen jendeak. Iruditzen zaigulako munduko potentzia handienek planeta larriki zauritzen dutela eta, nahiz ele ederrak erabili, ildo beretik segituko dutela. Urgentzia klimatikoa eta desberdintasun sozialak tratatuko dituzte omen. Ez gaitzatela berriz jukutrietan ito.

Aspaldiko partez, Euskal Herri osoan, kolore eta tendentzia desberdinetako kolektibo, alderdi, sindikatuak elkarrekin lanean hasiak gara G7 EZ deitu plataforman, kapitalismoaren aurrean hainbat alternatiba eta praktika daudela adierazteko. Xede nagusia, dudarik gabe, gailurra eragoztea edo trabatzea izanen da, aberatsenen pribilegioak gehiengoaren bizkar atxiki nahi dituztenekin elkar aditzea ezinezkoa delako. Trump eta gisa bereko pertsona hastiagarriei ez diegu ongietorria emanen, ez Euskal Herrian, ez inon! Milaka jende etorriko dira Euskal Herritik, baita Europatik ere, G7ari ez ozenki erratera, horrek suposatuko dituen arriskuekin. Veunac, Bru, Etchegaray jaunttoek hori kontuan hartuko beharko lukete. Aski dute begiratzea 2017an Hamburgen gertatu G20ak zer kalapita gogorrak eragin zituen. Edo Genovan 2001ean antolatu G8an, poliziak hogeita hiru urteko gazte bat erail zuela.

Halako tragediak errepikatzea nahi dute, diruaren eta ospearen izenean? Eta zer pasatuko da Jaka Horien protestak ez badira itzaltzen? Michel Veunac Miarritzeko auzapeza oraindik garaiz dago: G7 gailurra ezeztatu behar du. Baldintzak ez dira egokiak. Eta kitto.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.