ZUZENDARIARI

Metafora familiarra

2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Familia hura senide ugariz osatua zen. Denak oso abenturazaleak eta independenteak ziren. Bakoitzak bere aldetik asmo, jokaera eta ibilbide zeharo desberdinak aukeratu zituen. Horien artean, hiru senide ziren zeresan handiena ematen zutenak familiaren eztabaidetan; R, S eta K izenekoak.

R independenteena zen, eta senide guztien kontrako norabidetik ibiltzea gustatzen zitzaion. Munduan zehar autoritate handiz bereganatu zuen ondasun ugari, eta haren jokaera oso miretsia zen familia hartan, baita inguruko familietan ere. Etxetik atera zenean, hasieratik onartu zitzaion independentzia guztia baldintzarik gabe. Bere hitz egiteko era ere imitatu nahi izaten zuten ingurukoek.

S senideak ere izan zituen hainbat ondasun urrutiko herrialdeetan, baina haren abusuzko jokaera traketsagatik galduak zituen denak. Gehiago arduratzen zen etxe barruko kontuez; eta etxea inolaz ere ez zatitzeko jarrera irmoa erakusten zuen beti. K senideari harrotasunez erakusten zion harekiko nagusitasuna; izan ere, haren tutoretzaz arduratzen zen. R senideari erakusten zion mirespena, berriz, askotan konplexuz bizi zuen. K senidearen hizkera ez zuen gustuko; eta R senidearena, berriz, ikasten eta imitatzen saiatzen zen, nahiz eta ez zion tutik ere ulertzen.

K senidea ez zen gustura bizi izaten familiaren baldintzekin, eta, beste proiektu bat eraikitzeko asmoa zuen arren, S senideak eragozten zion askatasun nahia, antzinatik familiak lortutako arauengatik. Etxeko ohiturak tinko mantentzen zituen K senideak, eta ez zuen ulertzen R senideari onartutako independentzia zergatik ukatzen zitzaion berari. Izan ere, S senidearen menpe bizi zen, eta haren baimenik gabe ekintza asko debekatuak zituen.

Azken boladan, kalapita ederrak sortu dira hiru senideon artean: Brexit, Auzitegi Nazionala eta Procés izenekin ezagutuak.

Izan ere, hiru senide polemikoen izen osoak hauek dira: R, Erresuma Batua; S, Espainia; eta K, Katalunia. Eta familiaren izena, Europa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.