Administrazioan Euskaraz Taldea

Merezimenduei buruzko dekretuak udalei ere eragiten dielako

2024ko abenduaren 20a
05:00
Entzun

Merezimenduei buruzko 97/2024 Foru Dekretuak udalei ere eragiten die, eta, euskara baloratzeari dagokionez, okerrerako, bistan da. Izan ere, aldatzen du, besteak beste, 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamendua, eta erregelamendu horrek udalei ere eragiten die.

Hala, Merezimenduei buruzko Foru Dekretu berriaren arabera, legez kanpokoak izanen lirateke, esaterako, 2015etik hona eremu mistoko udalek egindako 147 deialdi, euskara «gehiegi» puntuatzeagatik.

Euskararen eta udalen autonomiaren kontrako araua da 97/2024 Foru Dekretua, eta udalek errekurritu egin beharko lukete. Urtarrilaren 22a arte dute denbora errekurtsoa jartzeko.

Arau berriak izugarrizko triskantza egiten du oposizio-lehiaketetan; izan ere, zekena izateaz gain, udaletan ere aplikatzekoa da. Oposizio-lehiaketetan (azterketa + merezimenduen balorazioa), gehienez jota %30 izanen da lehiaketa (merezimenduen balorazioa), eta euskararen balorazioa, berriz, %30 horren %7 eremu mistoan eta %11 eremu euskaldunean. Hau da, lehiaketak deialdiko puntu guztien %30 hartzen badu, euskarak deialdi osoaren %2,1eko balorazioa izanen du gehienez eremu mistoan, eta %3,3koa eremu euskaldunean.

Euskara hein batean ongi puntuatzen da lekualdatze-lehiaketetan, burutzak betetzeko lehiaketetan eta kategoriaz igotzeko lehiaketetan: gainerako merezimenduen %6 gehienez eremu mistoan eta gainerako merezimenduen %10 gehienez eremu euskaldunean. Merezimenduez aparte ez dagoenez azterketarik, kopuru esanguratsua da, eta horrela ulertzen da Afapna sindikatua erabat kontra egotea. Dena den, %10 eta %6 gehienezko puntuazioak dira: posible da gutxiago puntuatzea, eta, eremu mistoan, baita ez puntuatzea ere. Lanpostu bakoitza aztertu ondoren erabakiko da deialdian euskara puntuatzea edo ez. Ez da aurreikusten eremu ez-euskaldunean euskara puntuatzea. Beraz, posible da puntuatzea, debeku espresurik ez badago?

Eremu mistoko udaletan euskararen garrantzia ongi txikitu nahi dute Merezimenduei buruzko Foru Dekretuarekin. Administrazio Publikoetan erabat arrotz bihurtuko gara euskaldunok.

Bestelako arazoak ere eragiten ditu foru dekretu berriak, baina praktikan aldaketa kualitatiborik ez dute eragiten. Hala ere aipatu behar dira: Eremu ez-euskalduneko udalak ez ditu aipatzen, euskararen balorazioa zehazteko (Nafarroa osoan puntua daitezke, ordea, frantsesa, alemana eta ingelesa); Osasunbidean eta Foruzaingoan, atea irekitzen zaio euskara gutxiago puntuatzeari edo, eremu mistoan, baita ez puntuatzeari ere (orain arte, oro har, euskara Foruzaingoan eta Osasunbidean bakarrik baloratzen zen, baina lanpostu guztietan, eremu euskaldunean eta mistoan); Osasunbidean eta Foruzaingoan ez da euskara puntuatuko eremu ez-euskaldunean, baina bai alemana, ingelesa eta frantsesa (lanpostu bakoitzaren ezaugarriak aztertu ondoren).

Orain arte, Nafarroako Gobernuaren administrazioan, euskara soilik baloratzen zen, oro har, Osasunbidean eta Foruzaingoan, gutxi, eremu euskaldunean eta mistoan. Orain, eremu mistoko udalei ere mugatu behar zaie (asko, gainera) euskara baloratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.