Kirol mendizaletasunak eta mendizaletasun politikoak euren artean dituzten berdintasun eta bereizgarritasunei buruz lehenengo aldiz entzun nion hitz egiten Iñaki Garzia Uribe antropologo eta beste alor askotako mendizaleari, eta irakurri, Antxon Iturriza kirol kazetariari, mendizalea hau ere. Iñakik idatzi zuen ikuspegi historiko batetik mendizaletasun politikoaren hasierari buruz ere, Eusko Mendigoizaleen Batza, Jagi-Jagi eta abar.
Gogora etorri zaizkit kontzeptu hauek Gure Esku herritar erakundeak uztailaren 2rako antolatu duen ekimenaren berri izan nuen lehenengo unetik, zeinean Pirinioak argiztatuko baitira Erabakitzeko Eskubidea gauzatzearen alde. Katalanekin batera gauzatuko da ekimena. Mendira joango gara, beraz, eta ez beti mendi errazenetara: erdialdeko Pirinioetako hainbeste gailur ere argiztatuko dira.
Badu, horrela, mendizaletasunetik asko, mendi txiki bezain ederretara joago garelako elkarrekin giro onean, ogitartekoa ere lagun.
Badu mendigoizaletasunetik ere nahikotxo, zeren hainbat gazte trebatu Auñamendi, Balaitus, Viñemal, Pica d'Estats edo beste 50 mendi punta pasatxotara abiatuko baitira.
Eta badu erreibindikazio politikotik esangura eta helburu anitz. Pentsa dezagun guretzako lotura naturala baino ez diren Pirinioak erabili izan direla herriak erditik banatzeko estatu desberdinetan. Eta Katalunia eta Euskal Herria lotzen dituena, tarteko harri eta traba ugariaren aurka, argiztatzen irudikatuko ditugu abian jarri ziren elkartasun eta elkarrekintza.
Gogora dezagun Pirinioak zirela Espainia Europatik bereizten zuen lerroa, gure herriak erdibanatzen. Baina muga hori desegiteak (?) ez du ekarri Hego eta Ipar aldeak batzea. Horretarako beste urrats batzuk egin beharko ditugu. Lehenengoa, Erabakitzeko Eskubideaz baliatu beharko dugu gure etorkizunaren jabe egiteko. Ikus dadin Europatik Pirinioen gainean kantu eta dantza egiten duen herria bat, eta herri horrek burujabea izan nahi duela. Erabil dezagun ekimen hau Espainiari eta Frantziari bai, baina Europari ere, asmo horiek aurkezteko.
Parte hartzen duen bakoitzaren konpromiso eta esfortzuak desberdinak izango dira, noski, mendi errazera edo zailagoetara joanez, herriaren askatasunaren bidean urratsak desberdinak diren moduan. Helburua, baina, bat dugu.
Bidean urrats bat da, beste bat baino ez. Ea hainbeste urratsen norabidea ondo eta garbi markatzen dugun eta behar dugu argitasunaren isla bihurtzen diren Pirinioetako Bidearen Argiak.
ZUZENDARIARI
Mendizaletasun politikoa argitzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu