ZUZENDARIARI

Mendillorriko lehentasunak

Mendillorriko Auzo Elkartea.
2015eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
UPNk gidatutako Iruñeko Udalak igogailu bat egitea onetsi du Mendillorrin, 900.000 euroren truke. Lehenbiziko azterketan, berri ona da gure auzoarentzat: mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonak igogailuari esker errazago helduko dira auzoaren goialdera, non zerbitzu nagusiak baitaude: osasun etxea, kultur etxea...

Hala ere, mendillorritarrekin adostu beharko litzateke halako dirutza (milioi euro bat baino gutxixeago) non gastatu. Orain arte, iritzia plazaratu duenean, auzoak ez du igogailurik eskatu. Udalak berak 2011n garatu zuen aurrekontu parte-hartzaileetan, ondokoak izan ziren boto gehien lortu zuten proposamenak: iristeko erraztasuna duen patioa beheko eskolan, frontoi estaligabea, soinua leuntzeko hesia, Sarrigurenekin lotzeko bidexka, ibilgailuen abiadura moteltzeko gailuak, aparkalekuak eta txakurrentzako guneak.

Zenbait elkartek egindako diagnostiko parte-hartzaileetan, auzokideoi galdetu digute auzoaren premiez, eta honako erantzun hauek izan dira errepikatuenak: haurrentzako eta gazteentzako arreta sendotzea, Mendillorriko Jauregia dotazio publiko bihurtzea eta kirol eta aisialdirako instalazio publikoak egitea.

Laburbilduz: inoiz ez da agertu igogailua premien artean. Zergatik tematu dira UPN eta PSN proiektu horrekin? Ez dakigu. Baina gauza bat argi dugu: garaia da udalak elkarteekin eta auzokideekin batera lan egin dezan Mendillorriko premiei erantzuna emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.