ZUZENDARIARI

Mendi lasterketak eta ingurumena

Jokin Azarloza Gonzalez.
2023ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Badago neurozientzialari bat aipatzen duena zoriontasunaren lau hormonak lortzeko —serotonina, endorfinak, dopamina eta oxitozina— lau ekintza burutubehar direla; hots, naturarekin harremana izan, ariketa fisikoa egin, lagunartea landu eta helburuak finkatu. Hortaz, mendian lagunartean korrika (edo oinez) ibiltzeak zoriontasunera hurbiltzen gaitu, aipatutako lau ekintzak betetzen baitira.

Mendian gora eta behera ibiltzea betidanik neure zaletasunen artean egon da, eta, noizean behin, mendi lasterketetan ere hartzen dut parte. Izan ere, lasterketa baterako prestatu behar izanak egun nagitsuetan mendira irteten laguntzen dit; gainera, lehiarako sena asetzen laguntzen dit. Dena den, lehentasuna naturaz eta kirolaz gozatzea da. Nirea, behintzat (eta espero dut jende gehientsuenarena). Argi dago mendian barrena korrika egitearena ohikoa bihurtu dela, eta gaur egun ospe ikaragarria lortu dute mendian egiten diren lasterketek. Makina bat lasterketa dago nañun eta nañoz, eta baita gero eta parte hartzaile gehiago ere. Baina badute, nire ustez, hobetzeko arlo garrantzitsu bat: zaborrarena. Mendizaleak ingurumenaren babesaren aldekoak garelakoan nago, baina egun ez dakit zer gertatzen den...

Lasterketetan zabor asko pilatzen da, eta erabilera bakarreko plastikoaren erabilpen desegokia dago. Besteak beste, plastikozko ontziak eta platerak, latak eta botilak, gelak... neurri barik erabiltzen dira. Are gehiago, ibilbidean zehar gel ontziak eta halakoak ikusten dira lurrean botata. Non eta mendian, nortzuek eta mendizaleek... Eta inork ez du ezertxo ere esaten (nik dakidala).

Bi adibide jarriko ditut, alegia, nik parte hartutako aurtengo azken bi lasterketetakoak. Lehenengoan, lasterketa bukatzerakoan antolakuntzak eman zizkigun ur botilak eta gainerako guztia zarama poltsa berberera bota behar izan genuen, birziklatzeko aukerarik eman barik. Ehunka ontzi eta jaki, dena batera pilatuta. Eta hain zen erreza hori guztia banatzea, hau da, zarama poltsa horiak eta beltzak jarri eta, lasterketa bukatzerakoan, dagokien edukiontzietara eraman.

Bigarren kasuan, ibilbidean zehar jarritako anoa edo hornitze guneetan plastikozko ontzi piloa erabili ziren. Bost-seikilometro bakoitzeko ur, Coca-cola edo Aquarius zurrutadatxoa eman eta plastikozko ontzia zaramara bota! Ez dakit gero ontzi horiekin guztiekin zer egin ote zuten. Egia da azken urteotan aurrerapausoak eman direla eta lasterketa batzuetan korrikalariek edalontzia aldean eraman behar dutela; hala ere, lasterketa horietan hornitze gune gehiegi dago eta, beraz, plastiko eta zabor asko pilatzen da.

Nire ustez, kirolariek eraman beharko genituzke beharrezko jaki, edari eta enparauak, eta ibilbidea oso luzea denean, asko jota, ibilbidearen erdian ur bidoi handi batzuk eta jateko zerbait jarri. Ez da zorakeria esaten ari naizena. Badaude lasterketa batzuk (Frantziako Pirinioetan ikusi ditut) ia anoa gunerik eskaintzen ez dutenak, eta eskaintzen dituztenak, iturri naturalak aprobetxatuz kokatzen dituzte (iturriko ur freskoa baino hobeagorik ba ote!); eta jateko bertako plater bete gazta eta menbriloa baino ez (gel eta barrita gutxiago eta jaki natural gehiago!). Ez dute plastikorik erabiltzen ez zaborrik pilatzen. Hori egin beharko genuke lasterketa guztietan. Dena xumeago, errazago, naturalago, garbiago.

Mendizaleak sinpletasunaren eta naturaren alde bagaude, ez dut uste defenditzen dudana erradikal edo zentzunbako baten iritzia denik. Ingurugiroaren babesarekin dugun erantzukizunean nork bere buruari erreparatu behar diogu.

Guk egiten ez badugu, nork egingo du?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.