Oñati

Memoriadun euskara

Iñaki Idigoras Igartua
2024ko azaroaren 20a
05:00
Entzun

Autobiografia idaztea omen da garapen pertsonalerako tresnarik eraginkorrena, askatzaileena. Iraganeko kontuei tira egin eta gogora ekartzeak orainaldiko korapiloak askatzen laguntzen omen du. Bai, laguntzen du orainaldia ulertzen eta komeni zaigun etorkizun bat marrazten. Eguneroko jarrerak berrikusita, garen bezala, lotura gutxiagorekin adierazten hasten gara.

Subjektu pertsonalaz esandako horrek berdin-berdin balio du herri batendako ere. Gure herriaren nortasuna loturik, preso daukate iraganeko gertakarietatik. Hain da traumatikoa daukagun iragana! 1200, 1512, 1620, 1789, 1833/72, 1914, 1936. Ez dira zenbaki hutsalak. Ez dira gertakari hutsalen urteak. Garai esanguratsuak dira gure historian. Zenbat hildako, zenbat zauritu, zenbat min! Zenbateko zapalkuntza, egun ere aurrera daramatena!

Irudikatu dezagun euskaldunon kultura baserri bat dela. Orain 1.200 urte, kultura horrek estatu bat eman zion bere buruari, teilatua ipini, arrotzen erasoetatik babesteko: Iruñeko erresuma, gero Nafarroakoa izango zena. Baina lehen aipatu ditugun urteetan, teilatu hori desegin egin digute. Jada ez daukagu babesik. Estatu gabeko nazioa bainoago, estatuaz gabetutako nazioa gara. Zer gertatzen zaio teilaturik gabeko baserriari? Higatu eta erori egiten dela. Ataka horretan gaude euskaldunok.

Zer egin dezakegu? Erresistentzia egitea dagokigu, teilatuz gabetutako baserriari toldoa ipiniz. Toldo honek bi helduleku behar dituelakoan nago; bi zutabe: euskara eta memoria. Hain zuzen ere, gure nortasuna suntsitzeko, etsaiek indarrez jotzen dituzten bi zutabeak.

Inor gutxik ezagutzen du gure herriaren autobiografia. Eta autobiografia hori ezagutzeak izugarri lagunduko liguke oraina ulertzen, eta komeni zaizkigun estrategiak marrazten.

Nola zabaldu gure historia? Euskara eragileen sare bat badaukagu josia, 50-80ko hamarkadetako pizkundearen ondare. Zer iruditzen, hain garrantzitsua den memoriaren gaia ere sare horren bitartez zabaltzea, euskararekin batera?

Belaunaldi berriko euskalgintzaren berrikuntza horixe litzateke, memoria ere bere barne biltzea. Gainera, iragana ezagutzeak euskara ikasi edota erabiltzeko motibazioa ere sustatzen duelakoan nago. Horrela, bi ardatzek elkar elikatuko lukete, eta behar dugun nortasuna indartu.

Independente izan zirelako gara, eta berriro ere izan gogo gara.

Asmatuko ahal dugu!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.