Marka aldetik, gure herriaren izenari dagokion ikuspegitik, oso interesgarria den artikulua argitaratu du BERRIAk. Bertan azaltzen da zelan ertzain batek isuna jarri dion bere matrikulan, parte urdinean, Europako izarren azpian E estalirik, EH itsatsi duen gidariari.
Matrikulan, Europako izarren azpian, norbere nazionalitatearen hizkiak jartzeko eskubidea dagoela erabaki zuenetik Galiziako epaitegiak, garbi geratu zen GZ ipintzea zilegi dela, beste edozein nazionalitatekoa den moduan. Bere egunean idatzi nuen horri buruz.
Hau honela, jarraitu aurretik, argi eta garbi utzi nahi nuke EH hizkiak jarri zituenak eskubide osoa duela horrela ipintzeko eta ertzainak ez zuela, horregatik behintzat, isuna jartzeko eskubiderik.
Baina, horrez gain, beste puntu batek arduratzen nau. Matrikulan EH itsastea, nire ustez, akats handia egitea da. Eta horrelako erabakiak hartuta, beharbada galbahetik ondo pasatu gabeak, nahiz eta onartu EH hori dela zabalduena gaur egun eta presio soziala hortik doala, geure buruari kalte egiten diogulakoan nago.
Beste behin ere, labur, gure herria identifikatzeko erabiltzen diren hizkiak zeintzuk diren eta zergatik batzuk baztertu behar genituzkeen azaltzen saiatuko naiz.
EUS da aukera oso hedatua, izan daitekeena da, zeren Euskadi edo Euskal Herria hitzen lehen hiru hizkiak dira. Hala ere akats garrantzitsua egiten arituko ginateke, zeren hiru hizki horiek bi hizkira pasa nahi balira edozein aplikaziotarako, ematen dituen hiru aukerak hartuta lirateke: EU, ES eta US, Europa, España eta United States-ek okupatuta dituztelako.
EH jarriko balitz, aipatu pertsonak erabili duen moduan, Euskal Herriaren akronimoa berau, arazo handi baten aurrean geundeke, ISO kodeetan Mendebaldeko Sahara errepublikarentzako gordea dago. Eta beraz, ezin izango genuke bere osotasunean aplikatu, bere jabeei eraso egin gabe. Gainera ez ligukete onartuko.
NA jartzerako linea ere badago gure artean, baina tamalez hau ere Namibiak okupatuta dago eta, gainera, ez legoke garbi gaur guztiz onartua izango litzatekeen, eta auzia ekidin gabe areatu egingo lukeen.
BK da beste aukera, nahiz eta une honetan ez izan popularrena. Baskonia hitzaren lehen bi hizkiak lirateke BK eta hirugarren hizkia N gehituaz gero BKN geratuko, Baskonia edo Baskonabarra, aukeratzen den izenarentzako, balio dezakeena. ISO Kodeetan ere libre egongo litzateke.
Beraz, beste behin ere argi uztea komeni da, borondatea edukitzea zilegia dela, baina ondo bideratzea, obligazioa. Ez gaitezen erori, behin eta berriz, zulo berean. Bihotza eta burua lerratu beharra daukagu horrelako ekimenak aurrera eramateko orduan.