Ikastetxe publikoetako partaideok Bilboko sare publikora etortzeko deia egin nahi dizuegu 2025-26 ikasturterako matrikula egin behar duzuen guztiei. Haur eskolatik unibertsitateraino, gertu duzu ikastetxe publiko bat, zuretzat zabalik. Ez duzu umea batetik bestera ibili behar, ezta bilbotarrontzat kutsadura handitu ere, lehen hezkuntzatik aurrera ikaslea oinez joan daiteke bere kabuz, lagunekin, are gehiago Eskola bideak izeneko programa martxan badago ikastetxean.
Eskola publiko euskalduna duzu eskura. Hizkuntza guztiak altxorrak dira, eta guk euskara bereziki zaindu eta landu behar dugu, nork bestela? Euskara ikasle guztiena izatea dugu helburu, kohesio tresna bihurtuta. Eskola Publikoa euskalduntzea belaunaldi batzuetako familien eta langileen borrokaren emaitza da, harro gaude.
Eskola segregazioa, ikasleak jatorriaren, egoera sozioekonomikoaren edo familien sinesmenen arabera sailkatzea, batzuentzat kaltea eta besteentzat pribilegioa dela uste izan da, baina gehiegikeria horrek kalte egiten digu gu guztioi, bereziki arrazakeria eta xenofobia hazten ari diren honetan. Haur guztiek berdintasunean ikasteko eskubidea dute, bereizkeriak inorantzia baino ez dakarkie.
Bilboko Udalari eta Hezkuntza Sailari eskatzen diegu sare publikoaren alde lan egin dezaten, hezkuntza sistema hobetzeko eta Bilboko auzo eta kale guztietan kohesioa eta bizikidetza sustatzeko.
Sare publikoa denon artean eraikitzen dugu egunero, gu guztion esfortzuak, ametsak, borrokak eta ezagutzak eskola publikoaren parte dira. Asko gara, zatoz gurekin!