Ainhoa Lendinez
ZUZENDARIARI

Martin Zalakain

2018ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Bihotza bazterrean utziko banu, aise kontatuko nizuke Urbeltzen azken ikuskizunean zer aurkituko duzun: Pio Baroja donostiar idazleak sortutako pertsonaia baten bizitza, Martin Zalakain abenturazalearena. Gidoiaren oinarri Harkaitz Canok paratutako testu ederra, Ander Lipus antzerkigilearen ahotan. Haiek kontatuko dizute nor zen Martin Zalakain: Urbian bizi zen gazte bihurria, behar baino bizialdi laburragoa izan zuena. Obandotar familiak hil zuen, mendeku gosez. Tradiziozko euskal dantza gaurkotuen bitartez, antzerkia eta eleberria modu ezinago egokian txirikordatzen ditu ikuskariak. Bigarren Gerra Karlistan girotuta. Ikusiko dituzu Zuberoako maskaradetako urrats bihurriak Martinen oinetan. Lantzeko inauteria edota Arratiako jota eta porrua Artekaleko taberna-erromerian. Ikusiko dituzu, halaber, Martin eta Kattalin bolero eta habanera doinu eztietan dantzan. Labur esanda, harribitxi bat, Urbeltzek egiten digun auskalogarren oparia.

Ezin, ordea, bihotza bazter utzi, eta entzun diezaiodan. Baionara joan aurretik irakurri dut Agus Perezen Urbeltz gailurrean testua, BERRIAn. Etxeko lanak eginda joan naiz beraz Iparraldera, eta aspaldiko kutxa bat zabalduta: orain zortzi bat urte dantzatu nintzen azkenekoz Urbeltzen gidaritzapean, eta ordutik herrietako erromerietan ase izan dut nire zaletasuna.

Igo da teloia, eta hasi da Lipus hizketan. Hark Urbia herria aipatu, eta niri beste Urbia etorri zait gogora, gaztetan igandero egiten genituen mendi irteeren eskutik. Agertu dira dantzariak taulara eta uztartu zaizkit Urbiako eta erromerietako ni-ak. Pozik nago ikusten aspaldiko dantzakideek onena nola ematen duten. Burua ile-urdindu zaie batzuei, gorpuzkera aldatu bestetzuei. Baina haien oinek garai bateko arintasunari eusten diote, eta haien aurpegietan betiko keinuak ikusi ditut: batzuen urduritasuna, besteen tentsioa eta gehienen gozamena. Eserlekutik begira, dantzan hasi zaizkit oinak behin eta berriz. Une batez, Habanera egokitu denean, barnean sentitzeraino Kattalin. Eta malkoz bete zaizkit begiak Martin tiroz hil dutenean. Dantzak eta musikak erabat murgildu naute abenturazalearen istorioan.

Agertu da Juan Antonio Urbeltz, ikus-entzuleak agurtu eta, ohi duenez, jauzi airos batekin ikuskizuna biribiltzera. Dotore daramatza urteak eta dotore dantzatu ditu urratsak. Jaitsi da teloia, agurtu ditut lagunak eta hartu dugu etxerako bidea. Joaneko zirimiria euri-jasa bihurtu da itzulerakoan. Pentsatu dut: zer den bizitza! Martin Zalakainek berak egin zidan niri Baionarako gonbita. Agus Perezek Urbeltz jarri zuen Arriagan gailurrean; Baionan, Josu Garate ikusi dut nik gailurrean, neurrira egindako jantziarekin.

Bere icena dedin honratu gaur, guero aurrena Euscal Errien Gloriya izateco.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.