ZUZENDARIARI

Mariaren Bihotzekoei nire esker ona

Donostia.
2019ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Etxe ondoko berri txarrak gogora ekarri dit beste garai batean bizitako antzeko egoera bat: ikastetxe baten itxierak Donostiako auzo berean gainera.

1951n gure ama zenak, M. Dolores Goyak, zabaldu zuen ikastola Karkizano kaleko 8. zenbakian. Ikastola nire logelan zegoen, goizero aitak esnarazi, ohea egin eta bildu ondoren, argizaria ematen zion amaren ikasle ziren neska mutikoen ikasgela bihurtuko zen nire gela hari. Gosaldu eta gero anai-arrebok abiatzen ginen eskola frantsesetara, bertan ikasten baikenuen.

1960ko udan Elbira Zipitriak klase bereziak eman zizkien andereño zirenei eta bertan onartu zituen zenbait andereñogai ere. Bertan egon nintzen M. Dolores Goya, Karmele Esnal, M. Dolores Agirre, eta beste zazpi pertsona gehiagorekin. Lehenengo aldiz entzun nituen aditz modu eta era desberdinak; nire lehenengo euskal gramatika klaseak izan ziren.

Batxilergoa eta Magisterio ikasketak amaitu eta 1964an amarekin lanean hasi nintzen etxeko bi gela hartuz horretarako. Amak 6-9 arteko haurrak hartzen zituen eta neuk 3-6 urte artekoak. 1969an Oltra Molto gobernadoreak legalizarazi zituen ordura arte zeuden ikastolak, kontrolatu nahi baitzituzten. Gurea ere legalizatu genuen, San Inazioko J.M. Mujika parrokoaren izenean eskatuz legalizazioa. Egoera honek bidea zabaldu zuen ikastola berriak legepean zabaltzeko.

Artean hasiak ziren Donostiako zenbait auzotan ikastola handi xamarrak zabaltzen, Amaran, Antiguon... Gure ikasleek9 urte betetzean azterketa bat pasatu behar izaten zuten aukeratutako ikastetxean, mutilak jesuitetan, neskak San Bartolome, Villa Belen edo ahal zuten eskolan, eta arazorik gabe gainditzen zuten erdaraz zen azterketa hura. Orokorrean ondo hartuak izaten ziren erdarazko eskola erlijioso horietan. Beste gauza bat zen sortu berri ikastolekin gertatzen zena. Han ez azterketarik, ez sartzeko aukerarik ez ziguten eman. Ama gaixotuta, erretiroa hartu zuen alde batetik eta bestetik, ikusita haur euskaldun haien etorkizuna gero eta zailagoa zela, ikastola ixtea erabaki nuen. 1975ean Mariaren Bihotza ikastetxera jo nuen; bertan, Eufronio Agirre apaizak ziurtatu zidan beraiek hartuko zituztela gure haur guztiak. Eskola hura ikastola mistoa bihurtu berri zuten, eta oso ongi etorri zitzaizkien euskaraz eskolatutako haur horiek. Guraso gehienek onartu zuten egoera eta gutxi batzuk Santo Tomas Lizeora eta gehienek Mariaren Bihotza ikastolara bideratu zituzten euren haurrak. Nire eskerrik beroenak, bada, une zail haietan eskua luzatu ziguten Mariaren Bihotzekoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.