Manuel nekazari mexikarra da. Tzeltzal herri indigenatik dator eta castilla hizkuntza —gaztelera hizkuntza izendatzeko duten terminoa— ez du batere ondo hitz egiten. Oso gaztea da, 22 urte ditu. Eta Chiapasen bizi da.
2020ko abenduaren 4an, Manuel legez kanpo atxilotu zuten herritar armatuek. Egun batez torturatu ondoren, agintarien esku utzi zuten. Atxilotu eta bost egunera, Manuel epaitegi baten esku jarri zuten. Manueli ez diote ezer leporatu, baina bi urte eta bost hilabete daramatza preso. Mexikoko legeen arabera, prebentziozko espetxea bi urte baino gorakoa ezin da izan.
Manuel Gómez Vázquez ez da nekazari mexikarra bakarrik. EZLNren elkartasun oinarrietako bat ere bada. Manuel, bere gobernu autonomoa eta kooperatiba propioak dituen erakunde baten parte da: ugazabei eta lur jabeei lurra kendu ziena, eskolak eta ospitaleak eraiki zituena, eta herri indigenek beren forma tradizionalen arabera bizitzeko duten eskubidea defendatzen duena modernitatearen erasoen aurrean.
Manuel preso politikoa da, eta desobedientzia eta indigenen antolaketa ditu arma bakarrak, nahiz eta bere lurraldean, Mexikon, ez duten horrela izendatzen. Erresistentzia eta errebeldiatzat hartzen dute han.
1994. urteko urtarrilaren 1ean, EZLN Askapen Nazionaleko Armada Zapatistak antolatutako milaka indigena armatan altxatu ziren Chiapasen, Mexikoko Gobernuaren aurka. Urtarrilaren 12an, matxinatuek orain arte hautsi ez duten su-etena ezarri zen.
Ia 30 urte hauetan autogobernu sistema bat eraiki dute Lacandona oihanean, eta aurrerapen handiak lortu dituzte emakumeen ahalduntzean, kultura indigenaren babesean, osasunean, hezkuntzan eta herritarren elikadura-segurtasunean. Harrezkero, dozenaka elkartasun talde sortu ziren munduko hainbat lekutan. Ia 30 urte igaro dira, eta borrokak bizirik dirau oraindik ere.
Manuel, borrokatzeagatik preso
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu