ZUZENDARIARI

Manada

Hernani.
2017ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Imajinatu manada, artaldea. Imajinatu Madrilgo neska, edo ni haren ordez.

Imajinatu, manadak eta nik, 5 minutu lehenago elkar ezagutu ordez, gau osoa elkarrekin daramagula.

Imajinatu nik haiei begiradak botatzen dizkiedala, eskote eta gona motzak daramatzat, sujetadore gabe nabil, trago batera gonbidatzen ditut, jolasten hasten gara...

Imajinatu, beren kontra borrokatu ordez, geldi-geldi geratzen naizela, ixil-ixilik.

Imajinatu, trauma ondorengo estres, depresio eta antsietate egoera dela-eta 3-4 pilula hartu eta etxetik atera ezinik egon ordez, nire bizitza arruntarekin jarraitzen dudala.

Berdin dio, erruduna naiz!

Hor egoteagatik, probokazio keinuren bat egiteagatik (eta arraren inpultso sexual bortitz eta geldiezina martxan jartzeagatik), kontra borroka ez egiteagatik, ez labana atera eta arrautzak mozteagatik, ez arimaren minez neure buruaz beste egiteagatik. Baina: haiekin zenbiltzan eta! Ezagunak zineten eta! Parrandan zenbiltzaten! Gustura zeunden eta! Ez zenuen ezer egin eta! Zuk ere zerbait nahiko zenuen ba!

«Ez da ez, eta ez esateko modu asko daude», baaaa, badakit, eta arrek ere badakite.

Kontua ez da hori!

Nire gorputza nirea da: begi, belarri, aho, titi, titiburu, alu, beso eta azkazal. Haiekin zugan, arra, eduki dezakedan «botere sexuala» ere nirea da: zuri begiratu eta gero ez, eta gero muxu bat eman eta gero ez, eta dantza egin eta gero ez, eta bero-bero egin eta gero ez esateko aukera ere nirea da (zurea betidanik izan da).

Baina arra ez dago emakumearen boterera ohitua, ez du onartzen, eta, aurreko kasuetan, ni puta eta zorra bat izango naiz, eta, beraz, ia-ia bortxagarria, eta beste kasuetan ere egongo da zerako-zeraren bat arraren begietara ni bortxagarria izateko.

Izan ere, gure lagunak, lana, seme-alabak gureak izan daitezkeen bezala (batzuetan ez, redio), gure «jolas-botere sexuala» beraiena da, beraientzat sortua, beraientzako, eta beraien ondorioak dituena.

Eta, gainera, aurpegiak estali dizkiete manadako arrei, manadako arrak ustezko bortxatzaileak baitira!

Baina bueno, gu, ez-arrak, esajeratu batzuk gara, eta, gainera, ez naiz ni izan, madrildarra izan da, eta, gainera, manada izan da, ez artaldea. Ja!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.