Badira egunero-egunero euskararen alde lanean ari direnak, zorionez. Urtea etorri eta urtea joan, hor ditugu beti, lan eta lan. Eta horietakoa dugu Fernando Maiora Mendia, Artaxoako ikertzaile fina. Artxiboetan, batez ere Nafarroako Errege Artxibo Nagusian ikusiko dugu, egunero-egunero, ia hutsik egin gabe, bertan diren prozesuak arakatzen, nondik bilduko euskarazko testuren bat, euskaren inguruko berriren bat...
2004. urtean hasi zitzaigun Euskeraren Artajona-Artaxonaneuskaraz deitu liburuarekin. Geroztik, bi urteren buruan «Lo autoctono en Artajona-Artaxonako hitzak eta lurrizenak». Eta ondoren, urtero-urtero, bere azterketen emaitzekin, eskaintzen digu liburu bat.
Azkenekoa, gainerakoak bezalatsu, arras interesgarria: Euskera, lengua inteligible. Causas del retroceso. Injurias, coplas...
Bi zati desberdinekin osatu du liburua, lehena Causas del Retroceso deritzana, zeinetan artxiboak arakatuz ikusi duen zergatik egin duen atzera euskarak. Eta bigarrena, euskal esaldi, hitz eta abar biltzen dituena.
Bigarrenari lotuz, zenbait testu luze xamarrez at, gehienak motzak dira, esaldi bakarrekoak edo gehienez ere jota hiru-laukoak. Eta gehientsuenak, XVI. mendeko izkribuetatik ateratakoak dira. Bigarren zati hau da handiena, alegia, 75. orritik, 148.era harrapatzen baitu, liburuak 186 orrialde dituelarik.
Aditz trinko franko badator (bakarren bat bildu gabekoa?) aditz laguntzaileko flexio franko, berriz, lapurtera klasikokoak diruditenak eta zer esan ukan irakurtzean Antsoainen 1653an?
Hitzak ere badatoz, hitzetik hortzera, andur hitza, Azkuek Bizkaikoa dela dioena. Edo Ozar, Arakilen bertan idatzia edo. Nonbait, euskara batuago bat izan zen garaiak izan ziren.
Eta eze, ezi, partikulak han eta hemen. Ez da bada, erdaretatik hartutakoa zenbaitzuen ustez? Hala balitz, Leizarraga baino lehenago ageri dira Nafarroako hainbat iskribauen idatzietan. Usu, osousu.
Eta, beharbada izanen du azalpen logikoa, baina Donostiako hiru damatxo kantua 1566. urtean azaltzeak harritu nau izugarri. «Donostiaco Yru damacho e Renteria dendari ostenere vada qui te baña», horrela ageri da.
Aipatutakoez gain, beste gauza bitxi eta are harrigarri ere irakurtzeko aukera paregabea eman digu Maiorak. Eta bide ere bai hainbeste filologori. Ea hor ageri diren sekretutxoak azaleratzen laguntzen diguten, orain lau urte Ekaitz Santaziliak liburu bat iruzkindu eta zabaldu zuen bezala!
Dena dela, esan gabe ezin utzi zein baztertuak ditugun euskararen alde hainbeste egiten ari diren idazle eta ikerlari! Non dago Euskal Herria? Maldan gora ala maldan behera? Ikusten eta entzuten duguna ikusita... dudarik ez dago.
ZUZENDARIARI
Maiora: euskararen aldeko langile nekaezina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu