En Jake ETB2ko saioan, ekainaren 2an, Maddalen Iriarte elkarrizketatu zuten. Uste izatekoa zenez, aditzera eman zuen gipuzkoarrek berari eman diotela botoa; beraz, ahaldun nagusia izateko legitimitatea berak du. Kazetariak aipatu dio EAJ-PSEk batzar nagusietarako lortutako botoak zenbatuz gero, 156.000 dituztela, eta EH Bildu-Podemosek 141.000 —zehazkiago, EAJ-PSEk 157.028, eta EH Bildu-Podemosek 141.861, hots, 15.167 botoren aldea—. Segur aski ezustean harrapatu du, eta ez du jakin argudioa arrakalatzen.
Botoak, alde batera, sakratuak bezala dira, ezta?, baina pentsatzen jartzen zara eta ohartzen zara EAJk eta PSEk ez dutela koalizioan egin hauteskunde kanpaina; bakoitza bere hautesleria aktibatzen eta lortzen saiatu da, eta ez batak eta ez besteak ez diote boto-emaileari esan, orain arte bezala, gobernu koalizioan jarraituko dutela, beraiei botoa emanez gero. Ezezkorik ere ez, egia da. Bien arteko diferentziak markatzen ere aritu dira. Beraz, hein batean behintzat, ez al da hori boto-emailea engainatzen saiatzea?
EAJren eta PSEren boto-emaileak ohituta daudela koaliziora? Erakunde armatua desegin eta Urkullu presidente denetik hala egin dute. EH Bilduk Podemos-ekin koalizioa egin dezake, baina ez da berdina; gehiago da beste blokeak beharturikoa, eta koiunturalagoa.
Debate zaharra da helburu eta bitartekoen afera. Kasu honetara mugaturik, zenbateraino baldintzatzen du helburua hura lortzeko darabilzun bitartekoak? Zenbateraino baldintzatzen du EAJk PSEren politika?, eta PSEk EAJrena?
Keinu sasi-federalista erretoriko batzuk gorabehera, PSOE-PSE alderdi demokrata espainol autonomista da, eta harekin koalizioan uztartzen denak badaki marko horretatik aurrera ezin duela egin. PSEk gai sozialetan, EAJ sozialdemokrazia gisakora erakartzen du. Beraz, praktikan, koalizio espainol autonomista-sozialdemokrata gisako bat osatzen dute. Horrenbestez, esan liteke, PSErenak ez ezik EAJren botoak ere politika autonomista-sozialdemokrata kutsukoa elikatzen duela. Asko baino lehen, elkarren arteko koaliziorako botoa galdegiten ikusiko ote ditugu? Jokabide argiagoa eta zuzenagoa izango litzateke, bozen ondotik dagitena ikusita.
ZUZENDARIARI
Maddalen Iriarte 'En Jake'-n
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu