AET Administrazioan Euskaraz Taldea

Lurralde kohesiorako departamentua eta euskarafobia

Fermin Zabaltza Aleman
2024ko abuztuaren 15a
05:00
Entzun

2021eko urtarrilean, Lurraldearen Kohesiorako Departamentuak (PSOEren eskuetan) bi seinale jarri zituen gaztelania hutsean, Arraitzen eta Etxalarren (radarrak iragartzen zituzten: «Por su seguridad, control de velocidad»). Beti da bidegabekoa, baina gainera, beren legearen arabera, «eremu euskaldunean» daude herri horiek.

Donamariako herritar batek kexa jarri zuen Arartekoan, ele bitan jar zitzaten. Ba, Lurralde Kohesiorako Departamentua hiru (!) urtez aritu da luzamenduetan, gezurrak esaten eta aitzakiak jartzen, euskararik ez jartzeko, ea herritar hori nekatzen ote zen.

Lehenik Arartekoari esan zion Espainiako Gobernuaren eskumena zela. Espainiako Gobernuak esan behar izan zuen ezetz («Espainiako Gobernuak ez du eskumenik Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako errepideetan»).

Ondoren, Lurralde Kohesiorako Departamentuak erantzun zuen ez zegoela legez behartua ele bitan jartzera, epaileek 103/2017 Foru Dekretuaren kontra emandako epaiarengatik (guk ekartzen dugu gogora: PSOEko Juan Jose Lizarbek jarri zuen errekurtsoa, UGT ordezkatuz).

Nafarroako Arartekoak ez zuen onartu Lurraldearen Kohesiorako Departamentuak legeaz egiten duen interpretazioa, eta adierazi zion Nafarroako «eremu euskaldunean» nahitaezkoa dela kartelak ele bitan jartzea (eta legez nahitaezkoa ez balitz ere, zer? Zergatik jarri erdara hutsean?).

Departamentuak esan zuen Arartekoaren gomendioa beteko zuela... baina ez zuen deus egin. Azkenik, herritarrak berriz Arartekora jo, eta hauxe erantzun zion Lurralde Kohesiorako kontseilari Oscar Txibitek:

«Erabaki dugu testua kentzea eta piktograma bakarrik uztea. Horrela, zabalpen handiagoa izanen du, baita beste nazionalitate batzuetako gidarien artean ere».

Ba, hau da Lurralde Kohesiorako Departamentuaren jokabidea. Beste hainbat estrategia ere erabiltzen ditu euskararen kontra; hurrengo idazki batzuetan azalduko ditugu.

Berriki, Maria Txibite lehendakariak esan du antzekotasunak ikusten dituela Kataluniako Illaren Gobernuaren eta Nafarroako Gobernuaren artean. Ba, gaixoak katalanak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.