ZUZENDARIARI
Lurpeko musuak
Astearte gaua Donostiako autobus geltokian. Komunerako bidean, bi neska gazte ikusi ditut itxarongela handiaren erdian elkarri besarkatuta. Zain dagoen jendearen artean jarrita otordu arina egin bitartean ere, haien musu, laztan, irri eta xuxurlei saihetsetik begiratzen diet lantzean behin, besarkada etengabe horren larritasunik ezaren inbidia apur batez, agian. Izan ere, haientzat, astearte gaua baino, igande goiza izan zitekeen, eta lurpeko porlan kutxa batean zutik egon ordez, maindireen artean jolasean edo mendi-puntan egunsentiari begira ere egon zitezkeen. Gaztaro osoan, ez kalean, ez gaztetxean, ez institutuan, ez campusean, ez nuen armairutik irtendako homosexualik ezagutu. Lagun gay eta lesbianak topatzeko milurtekoaren amaieran nora eta Irlanda katoliko petora joan behar izan zuen honentzat, bus geltokiko zirri horiek ospakizunerako zioa dira, izugarrizko mina eragin behar izan duen errepresio baten amaieran beste urrats txiki bat adierazten baitute: argi izpitxo bat askatasun eta gozotasun premia larrian den zibilizazio suizida honetan. Bejondeiela: Musu askotarako! Hurrengo batean bi mutil topatzea espero dut, eta lur azalean egun argiz bada, are pozago egingo dut itzulera bidaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu