Martxel Toledo Garmendia.
Ehepsam-eko kidea

Lortu da. Lortu duzue! Zorionak eta eskerrik asko

2025eko urtarrilaren 2a
05:00
Entzun

Hainbeste urte borrokan horren atzetik ibili ondoren, oso pozik gaude Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak Iruñean antolatutako batzarrak hartu zuen erabakiagatik, nazioartean antolatzen diren pilota lehiaketetan euskal selekzio gisa parte hartzea izango dugulako. Baina hori guretzat ez da nahikoa, eta horregatik ezin dugu inolaz ahaztu garaipen osoa izateko ofizialtasun horren beste zati bat, eta garrantzitsua gainera, falta zaigula oraindik, alegia, zazpi herrialdeak kontuan hartuko dituen euskal pilota selekzioa izatea, finean, zazpien eskubidea ere badelako. Izan ginelako gara!

Baina, hori horrela izanda ere, aitortzen dugu Iruñean egindako urratsa oso garrantzitsua izan dela, besteak beste, orain, osotasunean Zazpiak Bat horren ofizialtasuna lortzeko, eskuragarriago izango ditugulako horretarako beharko diren tresna guztiak. Eta hori lorpen handia da.

Abenduaren 28a Inozente eguna izateaz gaiz, nik esango nuke egun historikoa ere bihurtu zela, bihurtu zenutela! Hala ere, eta batik bat ezagututa gure selekzioaren betiko etsaiak zeintzuk diren, eta euskal pilota selekzioaren aldeko erabakia beraientzat oso mingarria izan dela, esan gabe doa komeni dela erabakia zuhurtziaz hartzea eta bakoitzak bere alorretik horren alde lanean jarraitzea; zeren, beste gauza guztien gainetik, garbi dugulako urte guztietako herritarren aldarrikapen, borroka eta kemenaren ondorioz lortu dela lortutako garaipen txiki (handi) hau.

Orain, euskal herritar gehienok amesten dugun ofizialtasun horren bideari itxaropenez eta kemenez heltzea komeni da. Eta horrela egiten badugu, ziur nago Euskal Herrian beste egun historiko bat bizitzeko aukera izango dugula.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.