ZUZENDARIARI

Loraldiak lorez bete du Bilbo

2018ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Neguaren azken txanpan eta udaberriaren hasieran ospatu izan dira Bilboko Loraldiak. Lau urte bete ditu eta zoriontzekotan gaude hain ekitaldi sutsu eta erakargarriak ikusteko aukera izan dugulako.

Euskal Kultura gaur lelopean iragarritako ekitaldiak orainaren berpizkundearen harian murgiltzen dira iragana ahaztu gabe, unean unekoari erantzunez eta etorkizunari begira. Eta hala, igande honetan, azkenengo ekitaldian, Guggenheimeko auditorioan, Arantxa Urretabizkaiak idatzitako Etorkizunak harrapatuta testu ederraren haritik, Maialen Lujanbiok eta Uxue Alberdik bertsotan eta Joserra Senperenak pianoan eskaini zigutenak hitzik gabe utzi gintuen bertataru ginen guztiok.

Benetako artea emozioaren printzetan eta beronen erraietan bizi da, eta horixe bera izan zen han eskaini zigutena.Ederra benetan, goxoa, sentikorra, sakona, emozioaren izpietan girotutako emanaldi paregabea. Josu Goiko gai jartzaile eta aurkezlearen papera ere goi mailakoa.

Areto hartan bildu ginenok, une batez edo bestez, emozioaren garretan, geure gozamenean, ia negar anpuluka geunden eta zutik eta txalo zaparradez erakutsi genien taula gainekoei geure esker ona eta aitortza.

Beraz, sarri askotan, geure kulturari buruz, hain ezkor garen euskaldunok, horrelakoak ikustean, beste era batera pentsarazteko aukera ere badugu, eta krisiaren garai hauetan, akaso, benetako grina eta berpizkundearen aurrean egon gintezkeela ere soma dezakegu. Bideari ekitealakorik ez dago, eta Zorionak ematea daukagu Bilboko Loraldia bultzatzen duzuenoi. Termometro ona da berau euskal kulturaren nondik norakoak ikusteko, sentitzeko, sentiarazteko eta bistaratzeko.

Euskal Herriaren maitale sutsua izan zen, eta euskal hizkuntza, kultura etaizatea babesteko lan handia egin zuen erdi euskaldun erdi irlandar zen gure Antoine d'Abbadiek sortutako XIX. mendeko Loraldiak eman du bai uzta ederrik eta ematen ari zaigu garaiotan ere. Iraganak gaurkotasuna erakusten duen eran, etorkizunerako abiapuntu ederra Bilbon eskainitakoa.

Euskararen Bilbo oraindik urria da eta sarritan esan ohi da euskararen eta euskal kulturaren etorkizuna Bilbon jokatzen dela. Halakoak ikusita, badugu bai etorkizunari begira motibatzeko gaia eta argibiderik.

Arantxa Urretabizkaiaren hitzen haritik eta atmosfera horren abiapuntutik: bizi-bizirik dugun euskal kulturan, etorkizunak harrapatuta gauzka eta Loraldiak egun eta urte luzez lorez betetzen segi dezala Bilbo. Hala biz!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.