ZUZENDARIARI

'Lipdub'-ak eta puñetak

Tolosa.
2017ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Herri honetan oso ohituta gaude euskararen aldeko lipdub-ak, Kilometroak, Eskola publikoaren aldeko festak, pausoak Herri Urraska ematen Nafarroa Oinezen Korrika ari garen bitartean, Ibilaldia Araba Euskarazeraino luzatuta, eta hori guztia oso ederra eta beharrezkoa da. Nik parte hartzen dut ahal dudanetan eta zirrara sentitu dut, adibidez, Tolosan egin dugun lipdub-ean. Bikain eta garrantzitsua sentsibilizazio hori aurrera eramatea.

Arestian esandakoa erranda, honakoa ere gehitu nahiko nuke, ahaztu samartua duelakoan jende dezentek, edota beste modu batera esanda, goikoak eginda nahikoa ote den pentsatuta ote dabilen bat baino gehiago. Edozein hizkuntzari mesede eta on egin nahi baldin badiogu goiko horiek guztiak baino askoz ere sinpleagoak diren gauzak egin behar baititugu, hizkuntza horretan hitz egin, irakurri, idatzi eta entzun. Eta disfrutatu horiek egiten, jakina. Erraza, ezta? Fernandoren egia, ezta?

Euskaldunari eta euskara ulertzen duenari euskaraz egitea da egin beharrekoa hizkuntza horri on egitez gerotan, sinple eta oso eraginkorra kontua. Ez du epikotasunik, ez borroka berezirik eskatzen (edo bai?), bertako eta berezko hizkuntza, eta estatistikek diotenaren arabera, maite eta gogoko duzun hori,erabili ahoz, kitto.

Euskarazko hedabideak irakurtzea, ez denak, baina bai bakarren bat egunero edo astero gutxienez. Tolosaldean Ataria dugu, BERRIA, Argia, Jakin, Aizu, HABE, Gaztetxulo... Beste hizkuntzetan irakurri beharra dagoela, ados, baina gureari lehentasuna eta behar duen tokia egunerokoan emanez. Horixe bezain sinplea da euskararen alde aritzea, ez egotea.

Euskarazko hedabideak entzutea batzuetan ikusiz, aukera hori egitea maiztasun oparo batez. Hortxedaude Ataria irratia eta 28 Kanala telebista Tolosaldean eta beste eskualdeetan ere badira, ETB 1, Euskadi Irratia, Hamaika Telebista, Gaztea irratia...

Euskarazko musikarekin zorretan gara, asko eman digu musikak, herri egiten lagundu gaitu, herri sentitzen, baina pasa da denbora hori. Errekuperatzea, erdaldunek ere beren musikatzat jo dezaten lortzea garrantzizkoa da, gero eta urrunago baitaude. Geu eredu ez bagara, nahikoa lan, ezta? Euskal musika kontsumitu behar dugu eta tabernetan, parranda lekuetan eskatu...

Erdarazko literatura gurea baino askoz hobea delakoan dago gehiengoa itxura guztien arabera, baita antzerkia ere. Bada, ez, euskaraz oso literatura ona dugu, kalitatezkoa. Gure hizkuntzaren historia tristea aintzat hartuta, beharbada literatura «arinagoak» ere kalterik ez batzuetan, Kutsidazu bidea, Ixabel gehiago beharko genituzke agian. Baina maila ona dugu literaturan eta baita antzerkian ere; hortaz, aitzakia gutxi... Bata edota bestea aukeratzea da kontua, edo biak edo hirurak, baina euskarazkoari toki eginez norberaren bizitzan. Sinplea.

Whatsappak, laneko oharrak zein txostenak ahal denean, lagunei bidalitako SMSak, amoranteari gutunak... euskaraz idaztea gure esku dago, erabakitzeko eskubidea gure esku daukagu kasu honetan behinik behin, erabil dezagun alde gaudela esateaz gain.

«Behin betiko, behin betiko, sinple bezain tinko ez dugu etsiko...», bada hori, erabilerak egiten diola on bene-benetan euskarari, lipdub-ak eta puñetakoso garrantzitsuak izanik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.