Gaur liburuaren eguna da. Liburuak eta liburutegiak denon eskura egoteagatik topa egin nahiko genuke. «Liburutegia komunitatearentzako gune sinbolikoa ere bada, adina eta estatus sozioekonomikoa gorabehera guztiek erabili dezaketen espazio bat. […] biztanle guztiek erabil dezaketen espazio komunitario irisgarri bat eskaintzen dien hiri erakunde bakanetakoa da. Ikuspegi horretatik, liburutegi publikoa ekualizadore demokratikotzat har daiteke, gizartean loturak eraikitzeko zubitzat» dio Gonzalo Oyarzún-ek Liburutegi imajinatua liburuan.
Zubiak puskatuta daude Deban. Bizikidetzaren izenean eta espazio faltaren aitzakiapean Debako Udalak kolektibo batzuei bakarrik (umeei eta haien zaintzaileei) ezartzen dizkie debekuak herriko liburutegian. Azaldu diogu Arartekoari ez dietela 2 urtetik beherako umeei liburutegian egoten uzten, ez dietela erabiltzaile txartela egiten, adinagatik bakarrik; jaioberria fularrean lo zeraman ama bati irakurketa klubera umearekin ez bueltatzeko esan ziotela; umeak lasai marrazten ari direnean bota egin dituztela; liburutegiak haur liburutegia eduki arren —liburuzain propioarekin— goizez ez digutela bertan egoten uzten, hutsa egonda ere; 2-6 urte bitarteko umeak liburutegian egunean ordubetez bakarrik egon daitezkeela zazpi ordu baino gehiagoz irekita egon arren. Azaldu diogu Eusko Jaurlaritzako Liburutegi zerbitzuari ere, baina ez zaio inori inporta. Udalaren eskumena omen da erabilera publikoko kultura-ekipamenduak kudeatzea, baita zein diskriminatu erabakitzea ere.